Kukumiku, elkartasunezko kausen finantzaketa-iturri berria

19 January, 2017

Kukumiku ekimenak zozketak egiten ditu parte-hartzea sustatzeko.

 

Kukumiku plataforman era guztietako elkartasun kanpainak daude: Greziako errefuxiatu zelaietarako elikagaiak eta materialak jasotzeko, gizarteratze arloko proposamen artistikoak sortzeko edota animalia abandonatuentzako aterpetxeak eraikitzeko. Ekimenak crowdfunding-a erabiltzen du, hiritarren ekarpen txikien bitartez ongia komuna sortzen duten proiektuak finantzatzeko.

 

Bizkaian sortutako plataforma hori GKEei, elkarteei eta enpresa edo norbanakoei zuzentzen zaie, eta orain arte elkartasunezko ia 50 proiektu argitaratu dira. Beste crowdfunding-plataforma batzuen antzera funtzionatzen du. Halere, dohaintzak sustatzeko, parte-hartzaileek aukera dute enpresek dohainik emandako produktu eta zerbitzuen zozketetan parte hartzeko.

 

Kukumiku plataformak bide bat eskaintzen die GKE eta erakundeei dohaintza txikien bitartez finantzaketa-iturri berriak eskuratzeko, eta, aldi berean, kanal egokia da beren lana ezagutzera emateko. Enpresek beren ekarpena egin dezakete zozketetarako ondasun edo zerbitzuak eskainiz, kanpainaren bati babesa emanaz edo elkartasun proiektu berriren bat bultzatuz. Trukean, zigilu bat jasoko dute, ekimenetan kolaboratzen dutela erakusteko.

 

Parte-hartzea ahalik eta gehien erraztea da Kukumiku plataformaren asmoa. Horregatik, kanpainak nahi adina denbora egon daitezke plataforman, eta ez daukate gutxieneko finantzaketa kopuru bat lortu beharrik martxan jartzeko. Bestalde, emaileek aukeran dute aldizkako ekarpenak bakarrik egitea edo bazkide bihurtzea eta dohaintzak banatzea gehien atsegin dituzten proiektuen artean, gainera, edozein unetan aldatu edo ezeztatu ditzakete hileko kuotak. Kukumiku beste proiektu batzuekin batera aukeratua izan da arlo sozialeko ekimen berritzaileak bultzatzea helburu duen Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekintzailetza eta Berrikuntza Sozialeko programaren barruan.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow