Euskal gazteria prestatuago dago eta toleranteagoa da, baina baita ere prekarioagoa

3 January, 2017

Gazteriaren Euskal Behatokiak urteroko Panoramika argitaratu du.

 

Euskadiko gazteek oso hezkuntza indize baikorrak dituzte, Estatuko nahiz Europako batez bestekoen gainetik daudelarik. Dena den, eta langabezia-tasa murriztu den arren, aurreko urteekin alderatuta, ugaritu egin dira aldi-batekotasuna eta lanaldi partzialeko enpleguak. Bestalde, hazi egin dira beste pertsona batzuen eskubideekiko tolerantzia eta asebetetze pertsonalaren indizea.

 

Datu horiek Gazteriaren Euskal Behatokiak eginiko Gazteriaren Adierazleak 2015 txostenetik atera dira. Urtero egiten den azterlana bat da, eta helburutzat du ezagutzera ematea biztanleria sektore horrekin lotutako adierazle garrantzitsuenak, hala nola, hezkuntzakoak, lan egoerari buruzkoak eta etxebizitzari, aisialdiari eta baloreei dagozkienak. Aurtengo edizioan badago baita ere datu base interaktibo bat, adierazle desberdinekin grafikoak egiteko.

 

Behatokiaren Gazteriaren Panoramikak erakusten du EAEko biztanleriak zahartzen jarraitzen duela, 15 eta 29 urte bitarteko pertsona kopurua %37 murriztu delako 2000. urtetik hona. Euskadi EB28ko herrialdea balitz, gazteria indize baxuena izango luke kide guztien artean. Datu horri dagokionez, amatasunaren batez besteko adinak ere atzerantz jarraitzen du, 32 urtetan kokatu delarik.

 

Hezkuntzaren Alorreko datuen eboluzioa

 

Hezkuntzari dagokionez, euskal gazteriak oso indize positiboak ditu. Bigarren hezkuntzako graduazio-tasa handitu egin da, biztanleriaren %86ra iristeraino (Estatuko batez bestekoa %65,8an dago eta Europakoa %82,3an). Goi-mailako titulaziodun gazteen portzentajea ere hazi egin da, %47,5ean baitago, eta emakume eta gizonen arteko aldeak ere hazten jarraitu du: graduatuen %40,2 mutilak dira eta %55,7 neskak. Azkenik, euskararen ezagutzak ere gorantz egin du, hala gazteen %64,4k badakite euskaraz.

 

Enpleguari dagokionez, egoerak hobera egin du zenbait alderditan, langabezia-tasa murriztu egin baita -2015ean %27,9koa izan da-. Dena den, neurri handi batean, hori gertatu da lan-baldintzak prekarizatu egin direlako, aldi-batekotasuna eta lanaldi partzialeko enplegu portzentajea ere hazi egin baitira. Egoera horrek eta etxebizitzen kostu altuak berekin ekarri dute emantzipazio adina atzeratzea, Europako zenbait herrialdetan baino 10 urte atzerago baitago. Euskadin, 18 eta 34 urte bitarteko gazteen %41 bakarrik emantzipatu da.

 

Azterlanak orobat jaso ditu euskal gazteen baloreei eta jarrerei buruzko datuak. Tolerantzia maila hazi egin da hainbat arlotan, esaterako, homosexualen eskubideak, abortua eta emakumeen kontrako indarkeria arbuiatzea bezalako gaietan. 15 eta 29 urte bitarteko hiru lagunetik bat elkarteren bateko kide da eta politikarekiko interesa ere hazi egin da (2012an %22,5ekoa zen, 2014an berriz %29koa). Azkenik, asebetetze pertsonalaren tasa eta etorkizuneko igurikapenena ere hazi egin dira, 7,2ko batez bestekoa lortu delarik zerotik hamarreko eskalan.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow