Euskal ikerketa, diabetesaren tratamenduan aurrera egiteko

22 February, 2017

UPV/EHUko zientzialariek odoleko azukreari aurre egiteko intsulina askatzen duen sendagai baten garapenean lan egiten dute

 

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ikertzaileak, Bartzelonako Sant Joan de Déu Ospitalearen eta Pompeu Fabra Unibertsitatearen lankidetzaz, odoleko azukreari aurre egiteko intsulina aska dezaketen zelula sintetikoetan oinarritutako sendagai bat garatzeko ikerketa-proiektu batean parte hartzen ari dira, diabetesaren aurkako tratamenduan aurrera egiteko asmoz.

 

Unibertsitateak ohar baten bidez jakinarazi duenez, sendagai berriak biologia sintentikoan, mikrokapsularatzean eta azken belaunaldiko biomaterialeetan izandako azken aurrerapenak uztartuko ditu, gluzemia aplikazio bakar batez erregulatu eta egunero intsulina-injekzioak hartzeko premia saihesteko asmoz.

 

UPV/EHUko Farmazia Fakultatean irakasle dabilen Gorka Orive ikertzailea sendagaiaren azken garapenaz arduratuko da. Horretarako, kanpoko glukosa-mailei erantzuteko gai diren zelula sintetikoak diseinatu eta garatuko dira, gerora mikrokapsuletan (sendagai gisa erabiliko diren esfereten) sartu eta intsulina nahierara isurtzeko asmoz.

 

“Gure nahia da biomaterial immunomodulatzaileak ikertzea sendagai “bizia” egiteko orduan, hartzailearen immunologia sistemaren erantzuna hutsa edo hutsetik gertukoa izan dadin sendagaia ezartzean. Lortuz gero, gluzemia astetan edo hilabetetan kontrolatuko lukeen sendagai bat garatuko genuke”, adierazi du Gorka Orivek.

 

Proiektua aurten abiatu da, eta lehenengo emaitzak 2019an aurkeztea aurreikusi da. Ikerketak Kataluniako Fundació La Marató erakundearen urteko deialdiko funtsen finantzaketa lortu du.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow