“Instrumentuak behar ditugu enpresek sortzen edo suntsitzen duten balio soziala neurtzeko”

19 October, 2016

Elkarrizketa José Luis Retolazari, GEAccounting enpresako presidenteari.

 

GEAccounting proiektua Lantegi Batuak-en eta UPV/EHUko ECRI ikerketa taldearen arteko lankidetzatik sortu zen, erantzuna emateko antolakundeek eta enpresek gizartean sortzen duten inpaktua monetizatzeko premiari. Deustuko Unibertsitatearekin batera, balio soziala kontabilizatzeko eredu bat garatu dute, eta jada hasiak dira aplikatzen erakundeetan, administrazio publikoetan nahiz enpresetan. Lantegi Batuak-en kasuan, adibidez, eredu horren bidez posible izan da jakitea erakunde horrek urtean 90 milioi euroko balioa sortzen duela gizartean. Duela gutxi Meatzaritza Museoak ere neurketa hori egin du eta ondorioztatu du museoak 6,6 milioi euroko balioa duela ikuspegi sozialetik.

 

Zer da balio sozialaren monetizazioa?

 

Gure iritziz, antolakundeetako adierazle ekonomiko-finantzarioek ez dute jasotzen sortzen edo suntsitzen duten balio guztia. Badira finantza arloan emaitza onak dituzten enpresak, baina enplegua suntsitzen dutenak, edo beren jardueraren tamainarekin alderatuta zerga barregarriak ordaintzen dituztenak edo ingurumenean inpaktu negatibo nabaria dutenak. Beraz, ez badago bateragarritasunik enpresa baten finantza emaitzen eta sortzen duen balio sozialaren artean, instrumenturen bat beharko dugu antolakunde horrek sortzen edo suntsitzen duen balioaren ikuspegi zabalagoa lortzeko.

 

Zertarako dira garrantzitsuak zifra horiek?

 

Interesgarria da jakitea nolako balio ekarpena egiten duen antolakunde batek, hiritarrek eta administrazio publikoek horren arabera joka dezaketelako; adibidez, erosteko orduan baliteke guk nahiago izatea balio sozial handiagoa sortzen duen produktu bat, eta horrek berekin dakar hiritarrak ahalduntzea, kontsumitzaile diren aldetik. Baina orobat interesgarria da antolakundeentzat, sarritan ez baitira jabetzen balio horretaz, eta gai badira balio hori neurtzeko, kudeatu egin ahal izango dute.

 

Normalean kontuan hartzen ez diren zein alderdi kontabilizatzen ditu?

 

Balore horietako asko kontabilizatzen dira, baina ez ikuspegi sozialetik. Esaterako, langileen soldatak kontuan hartzen dira kontabilitatea egitean, baina bakarrik kostu bezala; balio sozial gisa, ordea, enpresek egiten duten ekarpen handienetakoa dira. Gure ereduak ikusarazten die lanpostu horrek baduela inpaktua erosteko ahalmenean, itzuleran (zergak), gizarte segurantzari egiten zaizkion ordainketetan, e.a. Balio soziala duten aldagaiak kuantifikatzea ez da berria, gutxienez duela 30 urtetik egiten da, berritzailea dena da balio horiek sistematikoki integratzen direla antolakunde baten kontabilitatean.

 

Enpresei interesatzen zaie beren balio soziala kontabilizatzea?

 

Bai, Euskadin, adibidez, Euskaltel enpresak garatu du prozesu hori, eta aurrerantzean bere ohiko kontabilitate prozesuetan txertatuko du. Enpresa industrialekin ere lan egin dugu, Gipuzkoako Domusa-rekin esaterako, eta Nafarroan lanean hastekoak gara nekazaritzako kooperatibekin. Iruditzen zaigu gai hau interesgarria dela ez bakarrik administrazio publikoentzat eta ekonomia sozialarentzat, baita ere enpresentzat. Bitxia bada ere, enpresetako finantza zuzendariak dira beren esperientzia kongresu eta jardunaldietan azaltzen ari direnak. Badakigu arlo soziala baloratzen dela, baina orain finantza arloak ulertu du zein garrantzitsua den, eta liderkide bihurtu da prozesu horretan.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow