Human Cities, hiriak sorkuntzarako laborategi gisa

6 October, 2016

Bilbo da Europako proiektu horretan parte hartu duten 12 hirietako bat.

 

Human Cities ekimenaren helburua da hirietako bizi-kalitatea hobetzea, hiriko espazioan esperimentatuz eta lankidetzak sortuz agente artistikoen eta hiritarren artean. Ikuspegi horretatik abiatuta, proiektuaren asmoa da aldi-baterako esku-hartze sortzaileak sustatzea hirian, aurrera egiteko espazio irudimentsu, irisgarri, solidario eta enpatikoagoetarantz.

 

Human Cities proiektuak plataforma gisa funtzionatzen du, hiri-espazioan egiten diren horrelako ekintzak bultzatu eta ezagutarazteko. Belgikako Pro Materia elkarteak sortu zuen proposamena 2006an, eta dagoeneko sare bat da, non 12 hiritako 10 bazkidek parte hartzen baitute. Horietako bat Bilbo da eta BEAZen bitartez parte hartzen du. Azterketa-kasuen biltegian badira bost ekimen Bilbon abiarazi direnak azken urteotan.

 

Arte Shop da Human Cities plataformarako aukeratutako proposamenetako bat, Lan Ekintzaren eta UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultatearen arteko lankidetzatik sortutako proiektua. Ekimen horrek ibilbide luzea egina du jadanik, eta bere helburua da artista gazteen eta hiriko saltokien arteko lankidetzak bultzatzea; lankidetza horietan ikasleek saltokiari egokitutako esku-hartzeak diseinatzen dituzte. Proiektu horrek, bestalde, aukera ematen du artea beste ingurune batzuetara eramateko, aukera berriak sortzeko artistentzat eta tokian tokiko merkataritza bultzatzeko.

 

[embed_blog_up_euskadi id=”1″]

 

MaTIKo tailerra da beste azterketa-kasu bat; iaz antolatu zen Auzo Factory Irazabal Matiko eraikinean, Uribarriko auzoen mapeatze kolektiboa egiteko. Jardueran parte hartu zutenek lehenbizi social media tresnak erabiltzen ikasi zuten, eta gero inguruko kaleak zeharkatu zituzten, irudi, audio edo testuetan dokumentatuz ohiko mapetan agertzen ez diren errealitateak.

 

[embed_blog_up_euskadi id=”2″]

 

Human Cities proiektura biltzen dira, halaber, Bilbon garatutako ekimen hauek: Bilbao Txokoak, espazio hutsak edo erabilpenik ez dutenak baliatzeko ideia lehiaketa, UPV/EHUren Esku-hartze Artistikoak, eta Bilbao Art District ekimen publiko-pribatua. Aztertu daitezke baita ere beste hiri batzuen (hala nola, Helsinki, Saint-Etienne, Belgrado, Liubliana edo Londres) esperimentazio proposamenak. Human Cities Europar Batasunaren Creative Europe 2014-2018 programaren barruan finantzatutako proiektu bat da.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow