Haurren Hirien Sarea, haurren eskubidea hiriari buruzko erabakiak hartzeko

24 November, 2016

Euskadiko 12 udalek parte hartu dute proiektuan.

 

Hiriak hiritarren eredu jakin batean oinarrituta daude: gizonezkoa, zuria, langilea eta kotxe erabiltzailea. Francesco Tonucciren arabera, parametro horrek “ahaztu egiten ditu ezaugarri horiek betetzen ez dituzten pertsonak, esaterako, ezgaitasuna dutenak, pertsona nagusiak, haurrak, eta neurri batean baita ere emakumeak, hiritik kanpo geratzen direlarik, desagertu arte”. Psikopedagogo italiar hori da Haurren Hirien Sarea ekimena inspiratu duen La città dei Bambini proiektuaren sortzailea.

 

Ekimen horren bidez udalerri-sare bat sortuko da, zeinetan haurrak parametro izango baitira hiri inklusiboagoak diseinatzeko eta erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzeko. Gaur egun, Euskadiko 12 udal daude sare horren barruan, eta sare horrek bi ekintza proposatzen ditu udalerri bakoitzean: Haurtzaroaren Batzordea sortzea, alkatetzari aholku emateko haurrengan eragina duten gaien inguruan; eta Eskolara Lagunekin edo Camino Escolar proiektua, hau da, beharrezko baldintzak sortzea eskolarako bidea autonomoki egin dezaten, nagusien laguntzarik gabe. Haurren Hirien Sareko kide izateko, udalerriek bi ekintza horietako bat garatu behar dute gutxienez.

 

Innobasquek eta Herrilaborategiak (Solasgunek, Leioako Udalak, UPV/EHUk, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak osatutako partzuergoak) bultzatzen dute ekimena. Goizalde Atxutegik (Haurren Hirien Sarea proiektuaren arduraduna Innobasquen) dioenez, “Proiektuak orainaldiko hiritartzat hartzen ditu neska-mutilak, ez bakarrik etorkizuneko hiritartzat, eta Haurren Hitzarmena hartzen du lege-esparru gisa, hitzarmen horrek eskubidea aitortzen baitie eurengan eragina duten gaietan parte hartzeko”.

 

Proiektuaren barruan, azaroaren 17an eta 18an UmHerri topaketaren hirugarren edizioa egin zen Bilbon, aztertzeko nola txertatu haurren begirada prozesu kolektiboen diseinuan eta kudeaketan. Topaketan hainbat esperientzia eta ikuspegi partekatu ziren, denak ere hiru premisa komun hauetan oinarrituak: haurrek eskubideak dituzte, gaitasuna dute, eta beharrezkoak dira mundu inklusiboago eta humanoagoa baterantz aurrera egiteko.

 

Jardunaldien lehen egunean ikuspegi politiko-komunitarioa landu zen nagusiki, lan-espazio kolaboratibo bat barne, non 84 haurrek parte hartu baitzuten helduekin batera: “frogatu nahi izan genuen posible dela denok baldintza berdinetan parte hartzea, espazio aproposak sortzen badira” adierazi du Goizalde Atxutegik. Bigarren egunean hirigintza jorratu zen COAVNen laguntzarekin, haurren ikuspegia hurbiltzeko arkitekturaren mundura eta hirietako espazio publikoen diseinura.

 

Haurren Hirien Sarea – Francesco Tonucci

[embed_blog_up_euskadi id=”1″]

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow