Hiria hackeatuz

26 October, 2016

Tabakalerak gazteei zuzendutako programa bat dauka martxan.

 

Fabrikazio digitaleko teknologiak erreminta gisa balia daitezke espazio publikoa erabiltzen dugun modua eraldatu eta birpentsatzeko. Zentzu horretan, Tabakalerak Hiria Hackeatu programa dauka martxan. 12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako tailer multzo bat da. Topaketa horien helburua da sormena eta ikuspegi kritikoa piztea gazteen artean, eta bultzada bat ematea espazio publikoa egokitu dezaten beren premia, interes eta desioen arabera.

 

“Oso pasiboak gara espazioaren erabileran, ez dugu pentsatzen ezer aldatu dezakegunik”, azaldu du Manex Izagirrek, Tabakalerako Hirikilabs Laborategiko teknikariak “Hiria Hackeatu ekimenarekin sortzaile bihurtu nahi ditugu gazteak, maker eta egizu zerorrek joeren ikuspegietatik”. Proiektu horren bidez gogoeta-prozesua neska-mutilekin batera egiten da, pentsa dezaten nola bizi diren hirian eta nola eraldatu dezaketen, horretarako baliatuko dituztelarik Hirikilabs laborategiaren fabrikazio digitaleko teknologiak, besteak beste, 3D inprimagailuak, laser ebakigailuak eta estanpagailuak.

 

Parte-hartzaileek hainbat esku-hartze egin dituzte tailerretan, esaterako, hiritarren iradokizunentzako kutxa bat jarri dute Donostiako igogailu publiko batean, skate taulak birziklatu dituzte, arrapala bat eraiki dute, eta Tabakalerako hainbat espazio komun eraldatu dituzte kartoizko altzariak erabiliz. Jarduera horiek helburu bikoitza dute: bata da neska-mutilen jabekuntza, eragile kritiko eta aktibo izan daitezen hirian, eta bestea da teknologia berriekiko interesa piztea, tresna sortzaile gisa erabil ditzaten.

 

Hirikilabs eta Tabakalerako Bitartekaritza proiektua dira Hiria Hackeatu tailerren bultzatzaileak, eta urtean hirutan antolatzen dira: udako oporretan, Gabonetan eta Aste Santuan. Hala ere, talde bultzatzailea hilero elkartzen da urte osoan zehar, eta zabalik dago parte hartu nahi duten neska-mutil guztientzat. Hurrengo deialdia abenduaren amaiera aldera egingo da, eta hurrengo gazte taldeak erabakiko du zein esku-hartze egin nahi dituen espazioan.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow