Eusko Jaurlaritzak Ministerioari eskatu dio Industria bultzatzeko benetako apustu irmoa egiteko

6 February, 2017

Eusko Jaurlaritzak Madril animatu du makinak modernizatzeko laguntzak aktibatzera, Euskadin dagoen Renove Plana. Ministerioari jakinarazi zaio, Euskadik bulego komertzial berria izango duela Londresen, datorren apiriletik aurrera.

 

Tapiak eta De Guindosek I+G politikak koordinatzea adostu dute, euskal enpresa eta zentro teknologikoek erreferente izaten jarrai dezaten Europan.

 

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren eta Luis de Guindos Espainiako Gobernuko Ekonomiako, Industriako eta Lehiakortasuneko ministroaren arteko bilera egin da eta, bertan, bi erakunde-ordezkariek partekatzen dituzten jarduketa-eremuak berrikusi dituzte: I+G+b politikak eta industria.

 

Tapia sailburua Madrilera joan da, Estibaliz Hernáez Berrikuntzako, Teknologiako eta Lehiakortasuneko sailburuordearekin eta Javier Zarraonaindia Industriako sailburuordearekin batera.

 

Londresko bulego berria

Bileran, Donald Trumpek ezarri nahi dituen politiken ondorioz  Estatu Batuetan eta Mexikon euskal enpresentzat zabalduko den eszenatoki berria ere mintzagai izan dute, eta baita Londresen gertatuko dena ere Brexita dela eta. Honenbestez, sailburuak ministroari jakinarazi dio SPRIren bulego berria apirilean zabalduko dela apirilean.

 

Ekonomiaren eragile den industriari babesa

Industriaren aldeko politikak direla eta, sailburuak gogorarazi du Euskadi aurreko legegintzaldian ez zela batere pozik egon, eta batez ere ontzigintzaren eta altzairuaren sektoreetan bizi izandakoa ekarri du gogora. Tapiak Luis de Guindos ministroari eskatu dio industriarekin lehentasunezko konpromisoa hartzeko, kontuan izanik sektore horrek euskal ekonomian duen pisua, eta aintzat hartuta Europar Batasunetik estatu eta eskualdeetako industria-sektorea sendotzeko datozen gomendioak, oro har ekonomiaren motor bilakatzeko.

 

Ministerioaren neurriak indartzea estrategikoak diren sektoreetan

Eusko Jaurlaritzak eta Ministerioak etena egin dute analisian, batez ere Makina Herramintan, aeronautikaren eta automobilgintzaren sektoreetan, bai eta ontzigintzaren sektorean ere. Era berean, adierazi da komeni dela Ministerioak balora dezala enpresek beren aktiboak berritzeko laguntzak, Eusko Jaurlaritzaren Makinen Renove Programaren antzera.

 

Ministerioari eskatu zaio jarrai dezala aeronautikaren alorrean egiten diren epe luzerako eta bolumen handiko inbertsioetara zuzendutako finantziazio tresna babesten, hala eskatzen baitute Euskadiko aeronautika enpresa garrantzitsuenek.

 

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak Ministerioari jakinarazi dio Basque Industry 4.0 ekimena indartzeko asmoa duela, Europako estatu eta eskualdeekin elkarlanean, ulertzen baitu euskal industriak gai horretan erreferenteak diren aliatuak behar dituela; horretarako, Europako azoka nagusia den Hannover Messeko hurrengo edizioan bere espazioa izango du. Azoka Alemanian izango da, datorren apirilean.

 

I+G+b programak

Topaketa horretan, bi instituzioetako ordezkariek ikerketarako, garapenerako eta berrikuntzarako programak xehetasunez koordinatzea zein egokia den planteatu dute, euskal enpresek eta eragile zientifiko-teknologikoek merezi duten erritmoan egiteko aurrera Europan, kontuan hartuta zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren inguruko euskal sistema, bertan, erreferentea dela.

 

Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak Ministerioari eskatu dio I+G+b politikaren aldeko apustua egiteko, aintzat hartuta Euskadin, bai alderdi publikotik, bai pribatutik, egiten den ahalegina eta uste sendoa.

 

“Euskadin I+G+b politikan sinesten dugu, eta Ministerioko baliabide eta politiken laguntza eta babesa jaso beharko lituzkeen sistema dugu; laguntza eta babes hori garrantzitsuak dira, enpresa-sareak eta zentro teknologikoek marjina eta jarduteko gaitasuna irabazteko”, esan du Tapia sailburuak.

 

Bilerak lau ministeriorekin

Bilera honekin Arantxa Tapia sailburuak legegintzaldiaren hasieran gaia partekatzen duten ministerioekin eskatutako topaketak amaitu ditu. Abenduan, Sustapeneko ministroa, Iñigo De la Serna, Vitoria-Gasteizera joan zen. Bilera hartan, Abiadura Handiko Trenaren obrekin lotutako zenbait alderdi argitu ziren.

 

Urtarrilaren 11n, Tapia Álvaro Nadal Energiako ministroarekin batu zen, baina ez zuen lortu industriarako kostu energetikoak murrizten lagunduko duten neurriak ezartzeko konpromisorik. Urtarrilaren 12an, Isabel García Tejerina Nekazaritzako eta Arrantzako ministroarekin batu zen, eta, bertan, besteak beste, hegaluzearen kuotaren aurre erreserbarekin, erremolatxaren sektorearen babesarekin eta Euskadi “transgenikorik gabeko lurralde” gisa aitortzearekin lotutako zenbait gai aztertu ziren.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow