Eusko Jaurlaritza enpresa berrien bila dabil bere ekintzailetza teknologikoko planerako

8 February, 2017

Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak deialdi berri bat ireki du bere BIND 4.0 programarako, hots, 4.0 Industriako startup onenak erakartzeko nazioarteko lehen ekimenerako.

 

Martxoaren 3an informazio-jardunaldi bat egingo da Bilbon, 250 langile baino gehiagoko industri arloko enpresentzat. BIND 4.0 programa joan den uztailean jarri zen martxan, eta harrezkero arrakasta itzela izan du, 41 herrialdetako 257 startup aurkeztu baitziren deialdira.  Hautaketaren ostean, 13 sartup onenen 18 proiektu jarri dira martxan.

 

Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak iaz abiarazitako BIND 4.0 programaren beste deialdi bat plazaratu du, eta Eusko Jaurlaritzak bost kontinenteetako ekimen berritzaileak Euskadira erakartzeko egin duen apustuaren barruan kokatzen da. Datorren martxoaren 3an informazio-jardunaldi bat egingo da Bilbon programan parte har dezaketen enpresentzat.

 

BIND 4.0 programa Eusko Jaurlaritzak sortutako ekimen publiko-pribatu bat da, eta nazioarteko lehen deialdia, 4.0 Industriaren arloko startup onenak Euskadira erakartzeko. Azeleragailu honek aukera ematen die 4.0 industriako proposamen berritzaileak dituzten startupei, hots, enpresa sortu berriei, proiektu komun batean parte hartzeko eta bezero-hornitzaile bezala harremantzeko EAEn lan egiten duten hamar konpainia garrantzitsuenetako batzuekin.  Hona hemen programaren kolaboratzaileak: Microsoft, ABB, CAF, CIE Automotive, DanobatGroup, Euskaltel, Iberdrola, ITP, Mercedes-Benz, Michelin, Repsol-Petronor, Siemens Fagor Ederlan, Grupo Alcor, Ulma, Maier eta NEM Solutions.

 

BIND 4.0 programaren lehen deialdia uztailaren 6an jarri zen martxan, eta arrakasta itzela izan zuen, 41 herrialdetako 257 startup aurkeztu baitziren. Lehen aurre-aukeraketan 52 enpresa hautatu ziren, horietatik 23 atzerrikoak. Ondoren, Euskadiko konpainia handiek 13 startup onenen 18 proiektu aukeratu zituzten.

 

Martxoaren 3ko informazio-jardunaldia industria arloko enpresa profil zehatz bati zuzentzen zaio: Euskadin gutxienez produkzio zentro bat dutenak, 250 langiletik gora dituztenak, startupekin lan egiteko benetako konpromisoa hartua dutenak eta langile-talde bat bideratzen dutenak programako jarduera desberdinetarako (aurkezpen jardunaldiak, hautaketa eta matching prozesua, startup-en tutoretza, Demo Day, eta Koordinazio zein Ebaluazio Batzordearen bilera informatiboak).

Programa horri esker, sendotu egin da Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren Basque Industry 4.0 estrategia. BIND 4.0ren helburu nagusia da Euskadiko ekintzailetza ekosistema indartzea, Euskadi  ekintzailetza industrial aurreratuaren mapan kokatzea, euskal industriaren eraginkortasuna eta lehiakortasuna hobetzen laguntzea eta aberastasuna eta enplegua sortzea.

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow