Go-Lab ekimenak ikasgeletara eraman ditu laborategi zientifikoak

18 January, 2017

Proiektuaren xedea da hezkuntza-berrikuntza bultzatzea esperimentazioaren bidez.

 

Go-Lab atarira sartuz, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleek jakin dezakete nola egingo lukeen talka asteroide batek Lurraren aurka, parametroak alda ditzakete talka horrek eragindako kraterra neurtzeko, praktikan jar dezakete Arkimedesen printzipioa edo azido desberdinen PHa neurtu dezakete. Proiektu honek ikasle eta irakasleen zerbitzura jartzen ditu urruneko laborategiak eta laborategi birtualak, denen eskura jarriz baliabide horiek, esperimentu zientifikoak egin ditzaten.

 

Go-Lab Europako Batzordeak ko-finantzatutako ekimen bat da, hezkuntza-berrikuntzarako ikerlan bat, helburutzat duena zientzia eta teknologia sustatzea ikasleen artean. Europako 18 bazkidek parte hartzen dute proiektuan, eta Deustuko Unibertsitatea da Estatuko koordinatzailea, Ingeniaritza Fakultateko Learning taldearen bitartez. Ardatz nagusietako bat hori den arren, hots, aukera ematea Internet bidez urruneko laborategietara sartzeko, ekimenak aukera gehiago ere eskaintzen ditu, baliabide ugari garatu baitira ikasgelan bertan Zientzia eta Teknologia ikasgaiak lantzeko.

 

Javier Garcia-Zubia katedradunak dioenez, Go-Lab ekimena hiru zutabetan oinarritzen da: ikerketan, laborategietan eginiko esperimentazio praktikoan eta irakasleen lidergoan. “Ikerketaren bidez irakatsi behar dugu, hau da, ez diegu guk esan behar ikasleei gauzak nola diren, baizik eta eurek egiaztatu behar dute galderak eginez eta prozesuko protagonista bihurtuz”, dio Deustuko Unibertsitateko proiektu arduradunak. Horretarako, esperimentuak egin behar dira laborategietan, baina instalazio horiek garestiak dira, eta ez oso ugariak ikastetxeetan. Horregatik, Go-Lab ekimenak aukera ematen du saretik 403 laborategitara sartzeko, batzuk birtualak eta besteak fisikoak, urrunetik kontrolatu daitezkeenak.

 

Irakasleak ere protagonista dira proiektu honetan, zeren “teknologia asko izanda ere, irakasleengana iristen ez bada, ez du ezertarako balio” azaldu du Garcia-Zubiak. Go-Lab proiektuak irakasleen inplikazioa bilatzen du, eta aplikazioak edo ikasgelan egin daitezkeen 1-2 orduko lezioak eskaintzen dizkie. Irakasleek horiek denak erabili, aldatu edo berriak sortu ditzakete, eskura dauzkaten materialak ugaritzeko.

 

Lau urteko garapenaren ondoren, arduradunek uste dute ekimenak arrakasta itzela izan duela: 408 lezio argitaratu dira, eta 100.000 erabiltzaile bakar baino gehiagorenganaino iritsi da. 2016aren amaieran, Europako Batzordeak “bikain” batekin ebaluatu ostean, proiektuarekin aurrera jarraitzea onartu da, Next-Lab izenarekin. Fase berri honetan, helburu nagusia da ikasle gehiagorengana iristeko baliabideak ustiatzea, eta material berriak garatuko dira, bereziki Lehen Hezkuntzako ikasleentzat pentsatuak.

 

Baliabide didaktiko guztiak eta laborategietarako sarbidea proiektuaren atarian daude, eta parte hartu nahi duen edozein irakasle-komunitate edo ikastetxe harremanetan jar daiteke golab@deusto.es talde koordinatzailearekin.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow