Galileo Master-ek, geo-kokapenean oinarritutako ideiak eta proiektuak saritzen dituen Europako txapelketak, 2013. urteko edizioa aurkeztu du

30 April, 2013

Ekimen hau nabigazio teknologietako eta geo-kokapen bidezko aplikazioetako (LBS) nazioarteko adituen komunitatearen bilgunea da eta Euskadi ere bertan izango da Europako beste 23 eskualde eta herrialderekin batera.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak “Galileo Master” geo-kokapenean oinarritutako proiektu eta ideia programaren 2013. urterako deialdia zabaldu dute Euskadin. Ekimenaren helburua da Europako txapelketara aurkez daitezkeen nabigazio teknologien eta geo-kokapen bidezko aplikazioen ideia eta proiektuak biltzea, gero patentatu, garatu nahiz merkaturatu ahal izateko.

Ekimena Euskadin ezagutzera emateko, aurkezpen jardunaldi bat antolatu da Gipuzkoako Zientzia eta Teknologi Parkean, datorren maiatzaren 3an. Goi-mailako teknologiako lehiaketa honetan, 24 eskualde eta herrialde lehiatuko dira guztira. Proiektua sustatu duen erakunde alemaniarreko (Anwendungszentrum GmbH) ordezkariak etorriko dira Galileo Master 2013 lehiaketaren aurkezpenera. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak parte hartzeko baldintzak eta moduak azalduko dituzte eta proiektuen aurkezpena optimizatzeko kontuan hartu beharreko jarraibideak aurkeztuko dituzte. Amaitzeko, Europako Batzordeko ordezkaritzak ezagutzera emango du zeintzuk diren Europak finantzatu dituen eta proiektu parte-hartzaileek eskuratu ditzazketen programa aktiboak eta negozio aukerak.

Galileo Masters ekimena 2004an sortu zen Baviera eskualdean, eta bere helburua da aplikazio berritzaileak sortu eta garatzeko pizgarri izatea, Galileo satelite europarraren bidez posizionamenduaren merkatuan jarduera sustatzeko. AEBetan garatutako GPS sistemaren alternatiba europarra da Galileo.

Gainera, Galileo Master programako parte-hartzaileek erraztasunak izango dituzte nazioarteko merkatura zuzenean sartzeko, harremanetan egongo direlako teknologikoki aurreratuak diren beste eskualde batzuekin, eta horrek aukera emango die konponbide berriak garatzeko nabigazioaren nahiz telekomunikazioen sektoreetan.

Sare hau industriaren premiei zuzenduta dago zeharo eta, kide diren eskualdeekin batera, ahalegina egiten du azken urteotako berrikuntzei esker sortutako produktu eta zerbitzu ugariak ahalik eta azkarren aplika daitezen.

Euskadik lehiaketaren azken lau edizioetan parte hartu du eta sari bezala tokiko irabazleek urtebeteko egonaldia egin ahal izango dute Bic Gipuzkoa Berrilan haztegian, non aukera izango baitute ekintzaile berritzaileen laguntzarako Ekintzaile/Txekintek programan sartzeko. Bic Gipuzkoa Berrilan haztegian adituen tutoretza, aholkularitza eta proiektu osoan zeharreko gainbegiraketa (negozio plana diseinatzetik hasi eta jabetza intelektuala babesteraino) jasoko dute.

Hona hemen azken edizioetan Galileo Master lehiaketak saritutako proiektuak:

2012: GNSS-PRS: Galileo-Based Solution from the Parking Regulation Service

Aplikazio honek modu eroso bat eskaintzen du OTA-TAO ordainpeko eremuetan aparkatutako autoen tasak ordaintzeko. Galileo sistema erabiliz jakin daiteke zenbat denbora igaro duen autoak aparkaleku plaza batean. Jarraian, TAG dispositiboak GPRS / GSM bidez bidaltzen du informazio hori gidariaren smartphone-ra, eta hala, ordainketa operazioa errazten da. Ideia honi esker, gidariek nahiz udalek zerbitzu hobea izango dute eta azkar monitorizatu ahal izango da nor ari den aparkaleku tarifa ordaintzen. TAG dispositiboari esker, aparkalekuen kontrolaz arduratzen diren langileek jakingo dute zeintzuk diren behar bezala jokatzen ari direnak, dispositibo horrek informazioa bidaliko baitu kontrolatzaileen terminaletara (PDA, smartphone, e.a.) autoetara hurbiltzen diren heinean. Gainera, beste esparru batzuetan ere erabili ahal izango da, esaterako aireportuetako, parke tematikoetako, merkataritza guneetako edota kamioientzako zerbitzu guneetako aire libreko aparkalekuetan. Etorkizun hurbilean asmoa da gaur egun autobideetan erabiltzen diren sistemak (ETC peaje elektronikoak) TAG dispositiboarekin bateratzea, ordainsariak hobetu eta egokitzeko, emandako zerbitzuaren kalitatearen arabera (ilara edo istripuengatiko eragozpenak, abiaduragatik ordaintzea…). Arrazoi horiek direla medio, konponbide honek nabarmen hobetuko ditu duela gutxi agertu diren urruneko ordainketa sistemak.

2011: SWAREA: Safe Working Area

Lan gune edo eremu batean egon daitezkeen lan arriskuak murriztea da SWAREA proiektuaren helburua. Kontuan hartu behar dira lan baldintzak, egin beharreko lana, kasuan kasuko ingurunea eta urtaroaren araberako aldaketak. Beraz, eremu jakin batean erabili behar diren baliabideak azkar, erraz eta modu lehiakorrean jakin behar dira. Sistemak arriskuez ohartarazten ditu erabiltzaileak eta proposatu egiten dizkie alternatibak, konponbideak eta segurtasuna hobetzeko tresnak. Produktua merkatuan dago jadanik.

2010: Safe Mountain

SafeMountain natur eta mendi inguruneetan erabiltzeko arrisku-kudeaketarako sistema bat da, aukera ematen duena, telefono mugikorra, GPSa eta satelite bidezko komunikazioak erabiliz, mendi jarduerarekin lotutako arriskuak prebenitzeko, mendiko istripu kopurua murrizteko eta erreskate nahiz larrialdietako zerbitzu profesionalen jarduera errazteko. SmartPhoneak erabiliz mendizaleak denbora errealean jasotzen du informazioa Anetora (Benasque) igotzeko egon daitezkeen arriskuei buruz, eta hainbat tresna ditu jarraipena egiteko edo gertakariak jakinarazteko.

2009: Freighter Berthing for the Future

Satelite bidez gidatutako ontzi-porturatze sistema. Ideia berri honek aplikazio informatiko bat proposatzen du portu-lana modernizatzeko Galileo sistema berriaren bidezko posizionamenduak eskaintzen dituen aurrerapen teknologikoei esker. Hiru modulu handitan banatzen da: satelite bidezko nabigazioa, datuen tratamendua eta kudeaketa eta 3D bisualizazioa. Hala, itsasoko garraioak berekin dakartzan prozesu eta aldagai guztiak kudeatu ahalko dira. Porturatze, kargatze eta deskargatze lanak erraztea da azplikazioaren helburu nagusia. Itsasontzien posizionamenduari buruzko datu zehatz eta fidagarriak denbora errealean, kudeaketa datuak eta ontzien nahiz portuko instalazioen ezaugarri estrukturalei buruzko datuak integratu egiten dira, itsas garraioaren kudeaketa segurua eta eraginkorra izan dadin. Horrelako teknologiekin posible da sektorea normalizatzea eta Europako nahiz munduko estandarretara egokitzea. Teknologia horien eragina funtsezkoa izan daiteke merkatu sektore baten biziraupenerako.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow