Gipuzkoaren etorkizuna, denon artean pentsatua

26 October, 2016

Etorkizuna Eraikiz proiektuaren helburua da agenda publiko berri bat definitzea.

 

Etorkizuna egiteko dago, eta berekin dakartzan erronkak ez dira aurreko hamarkadetakoen berdinak. Zahartze demografikoa, kohesio soziala, sostengarritasun ekonomikoa edo laneko genero berdintasuna dira erronka horietako batzuk; Etorkizuna Eraikiz proiektuak proposatzen du estrategia berriak definitzea, parte-hartze sozial zabalagoarekin.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu du ekimena, aurrera egiteko hiritarren premia eta kezkengandik hurbilago dagoen gobernantza-eredu baterantz. Esan bezala, programaren helburu nagusia da agenda publiko berri bat definitzea datozen 10 urteetarako, eta eragile sozial eta ekonomikoen laguntza izango du langintza horretarako, hala nola, Gipuzkoako unibertsitateena, enpresena eta hiritarrena.

 

Prozesua lau lan-eremutan egituratzen da, zeintzuk dagoeneko aktibatu baitira: langileen parte-hartzea enpresan, aukera berdintasuna eta kontziliazioa lan-ingurunean, zahartzeari eta hirugarren sektore sozialari buruzko erreferentziazko zentro bat sortzea eta, azkenik, kultur industriak garatzea euskaraz.

 

Gipuzkoako lau unibertsitateek esparru horietako ikerketak abiaraziko dituzte, eta horretarako lurraldea aztertu eta nazioarteko jardunbide egokiak bilatuko dituzte. UPV/EHUk lan- eta familia-bizitza bateratzearen erronkari helduko dio, eta aztergai izango ditu belaunaldi gazteek ikus-entzunezkoak kontsumitzeko dituzten ohitura berriak. Deustuko Unibertsitatearen ikerketa Gipuzkoako kohesio sozialeko eredua indartzera bideratuko da; Mondragon Unibertsitateak eta Tecnun zentroak, berriz, enpresa barruko parte-hartzea sustatzeko bideak ikertuko dituzte.

 

Ikerketa horietatik abiatuta, hainbat esperientzia diseinatuko dituzte, ondorioak erauzteko eta lurraldearen etorkizuneko agenda politikoan txertatzeko. Ekimena bi ardatzetan oinarrituko da: bata da “GipuzkoaLab”, zeinaren bidez proiektu pilotuak sortuko baitira arlo ekonomiko, sozial eta kulturaletan; eta bestea “Gipuzkoa Taldean”, zeinak prozesu parte-hartzaileak eta gogoeta prozesuak bultzatuko baititu gizarte zibileko eragileekin batera.

 

Foru Aldundiak lankidetza hitzarmenak sinatu ditu lau unibertsitateekin ikerketa horiek abiarazteko, eta, proiektuaren barnean, Berdintasuna eta Kontziliazioa Kongresua egingo da Donostian urriaren 27an eta 28an.

 

Etorkizuna Eraikiz

[embed_blog_up_euskadi id=”1″]

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow