Donostiako Sustapenak Gizarte Berrikuntzari buruzko Dekalogoa argitaratu du

3 November, 2016

Txosten horren helburua da ekosistema komun bat bultzatzea gizarte berrikuntzako eragileentzat.

 

Gipuzkoan gizarte berrikuntzarekin lotutako eta ikuspegi desberdinetako proiektu, ekimen eta enpresa asko daude martxan. Halere, Dekalogoa: Gizarte Berrikuntza Irekia eta Estrategikoa Ekintzan Donostian txostenak dio ez dagoela konexiorik ekimen horien artean. Azterlan horren arabera, harreman gabezia “horren ondorioz galdu egiten da antolakunde sareak lurraldean duen inpaktua, eta gainera, xahutu egiten dira know-how-a eta eragileen arteko sinergiak sortzeko aukerak”.

 

Donostiako Sustapenak eta Oxford Unibertsitateko Igor Calzada doktoreak elkarrekin garatu dute dekalogo hori, gizarte berrikuntzaren esparruan lanean diharduten Gipuzkoako eragileekin lan-topaketak egin ondoren. Azterlanak helburu bikoitza du: batetik, Gipuzkoako gizarte berrikuntzarako ekosistemaren diagnostikoa sortzea, eragile guztiek elkar ezagutu dezaten; eta bestetik, ekimenen arteko konexioak sor daitezen sustatzea.

 

Horretarako, 2015eko azken hiruhilekoan bi workshop egin ziren Hirikilabs, Kutxa Zeharo, APTES, Sinnergiak Social Innovation/EHU, Grupo Gureak, Elhuyar, Sinnple eta Cook Management proiektuetako ordezkariekin. Jardunaldi horietan ondorioak atera eta gomendioak plazaratu ziren, gero guztiak dekalogoan jasotzeko. Hala, asmoa da txostena lan-dokumentu izan dadila etorkizunean.

 

Kolektiboki prestatutako gomendioen artean aipatzekoa da gizarte berrikuntza ireki eta estrategikorako plataforma komun bat sortzea, eragile publikoez, pribatuez eta hiritarrez osatua egongo dena. Talde horrek Gipuzkoako berrikuntza sozialeko ekosistema artikulatuko luke, eragina izango luke politika publikoen diseinuan, eta baliagarri izango litzateke eragileen artean proiektuak partekatzeko eta erronka komunak proposatzeko. Dekalogoan badira gomendio gehiago ere: LivingLabs moduko sektore arteko praktikak martxan jartzea, Europan ikusgarritasuna izango duen tokiko-eskualdeko marka bat sortzea, eta hiriaren eskala baliatzea gizarte berrikuntzaren erronkekin esperimentu praktikoak egiteko espazio gisa.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow