Fabrikazio aditiboa enpresa txiki eta ertainentzat

30 November, 2016

Adegik jardunaldi teknikoa antolatu du, teknologia honek enpresa esparruan dituen aplikazioen kasu praktikoak ezagutarazteko

 

Industria-prozesuetan fabrikazio aditiboko teknikak inplementatzen dituzten enpresen esperientziak euskal enpresa txiki eta ertainen artean ezagutarazteko asmoz, Adegi patronalak teknologia horren aplikazioak eta adibide praktikoak ardatz dituen jardunaldi tekniko bat antolatu du.

 

Fabrikazio aditiboa 4.0 Industria deritzonari atxikita dago eta, materialaren etengabeko gainjartzearen bitartez, geometria konplexuko piezak eta egiturak egitea ahalbidetzen du. Fabrikazio aurreratuko teknika hauek txertatzeak prozesu produktiboen hobekuntza eta errentagarritasuna areagotzen ditu, ekoizpen-aldiak laburtuz eta material gutxiago alferrik galduz.

 

“Fabrikazio aditiboa ETEentzat, prototipoetatik harantzagoko disrupzioa” izenburuko jardunaldia abenduaren 1ean egingo da Gipuzkoako patronalak Donostian duen egoitzan.

 

Topaketan, Estatuko eta nazioarteko enpresen ordezkariek parte hartuko dute, fabrikazio aditiboak beren konpainietan izandako aplikazio zehatzak eta adibide praktikoak azaldu eta industria-ehunean gero eta eskari handiagoa duen teknologia honek dakartzan onurak bistaratzeko asmoz.

 

Horrez gain, Industriari Aplikatutako Fabrikazio Aurreratuari buruzko Ikastaro Aurreratuaren (CAFAI) lehen edizioa aurkeztuko da. Armeria Eskolak eta Pixel Sistemas, Tumaker eta Metrología Sariki euskal enpresek bultzatu dute prestakuntza-programa hau. 2017an abiatuko den ikastaro honetan, prestakuntza emango zaie euskal industriako profesionalei, beren enpresetako prozesuetan fabrikazio aditiboko teknologiak txerta ditzaten.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow