Everis enpresak 2.500 profesional kontratatuko ditu urtebetean

28 November, 2016

Everis enpresa nazioarteko aholkularitza bat da, negozio, estrategia, garapen eta aplikazio teknologikoen mantenimendu nahiz outsourcing konponbideak eskaintzen dituena. Eta datozen hamabi hilabeteetan 2.500 profesional berri hartuko ditu Espainian duen plantillan, emaitza onak izan baititu 500 milioi eurotik gorako urte arteko fakturazioa lortu ondoren.

 

Gaur egun, konpainiak 8.800dik gora langile ditu Estatuan, eta erabaki du profil hau duten pertsonak kontratatzea: batetik, gazte lizentziatu berriak, bereziki informazio eta komunikazio teknologien (IKT) esparrukoak eta, bestetik, teknologia berritzaileenetan espezializatutako esperientziadun profesionalak. Multinazional horrek 13.000tik gora profesional enplegatzen ditu 14 herrialdetan dauzkan bulego eta errendimendu handiko zentroetan.

 

Everis enpresaren enplegu eskaintza honela banatzen da Espainian: 900 lanpostu Bartzelonan, 800 baino gehiago Madrilen, 200 Alacanten, Sevillan eta Murtzian, 100 Valentzian, 70 Zaragozan, 40 Valladoliden, 30 A Coruñan, eta 25 Bilbon. Horrez gain, orain arteko beka programarekin jarraituko du, ikasleentzako 600 plaza eskainiz, praktikaldia egin ondoren konpainian sartu daitezen.

 

Everis enpresak kontratatuko dituen profilen %40 titulatu berriak izango dira, besteak beste, ikasketa hauek dituztenak: Informatika, Telekomunikazioak, ingeniaritza industriala, beste ingeniaritza batzuk, Matematika, Fisika, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza, eta goi-mailako prestakuntza zikloak plataforma anitzeko aplikazioen garapenean, web aplikazioen garapenean, sareko sistema informatikoen administrazioan eta telekomunikazio eta informatika sistemen administrazioan.

 

Gainerako %60a esperientziadun profesionalak izango dira. Gehien estimatzen diren profilak esparru berrietakoak dira: big data, cloud-a, mugikortasuna, Gauzen Interneta, eta talentu digitala, oro har. Azkenik, Humanitate ikasketetako profilak (hala nola, soziologoak, kazetariak eta psikologoak) ere kontratatuko ditu, hots, tradizionalki aholkularitza munduarekin loturarik izan ez dutenak, enpresaren iritziz paper garrantzitsua dutelako eraldaketa digitaleko prozesuetan.

 

Everis enpresak “Top Employer España 2016” izendapena jaso du talentuaren alde egin duen apustuagatik. Aitortza hori inkesta batean oinarritzen da, zeinak 585 jardunbide egoki ebaluatzen eta ikuskatzen baititu giza baliabideen hainbat arlotan, besteak beste, hauetan: talentu-estrategia, staffing plangintza, on-boarding, ikaskuntza eta garapena, lanaren kudeaketa, lidergoaren garapena, karreraren eta ondorengotzaren kudeaketa, ordainsariak eta irabaziak eta enpresako kultura.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow