Eusko Jaurlaritzaren IeSu proiektua, @asLAN sarietako finalista, erabiltzaileak eSalud esperientzian zehar gidatuz

8 March, 2013

Sare, Internet eta Telekomunikazio sistemen hornitzaileen Elkarteak nabarmendu du lanak berrikuntzako lau funtsezko elementu biltzen dituela eta euskal gizartearekiko elkarreragin handia lortu duela.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko IeSu proiektua @asLAN sarietako finalista aukeratu dute. Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen Zuzendaritza buru izan du proiektuak, eta hura hautatzeko arrazoia osasunaren alorrean eragin handiko lan aitzindari bat ezartzeko emandako bultzada izan da.

1989an sortu zenetik, Sare, Internet eta Telekomunikazio sistemen hornitzaileen Elkartearen helburua enpresaren arloan sareen eta telekomunikazioen teknologiak sustatzea eta hedatzea izan da. Orain, sektoreko 698 profesionalek IeSU proiektua finalista hautatu dute, 40 enpresa eta erakunde publiko baino gehiagotako 59 kasu arrakastatsuren artean.

Zer da IeSU?

IeSU erabiltzaileak gidatutako eOsasunaren esparruko berrikuntza-proiektu bat da. Jatorria IKTetan oinarritutako berrikuntza proiektuak aurrera eramateko Eusko Jaurlaritzaren interesa dago, Agenda Digitala 2015 planean adierazia. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren ekimenez egin da, Osakidetzaren laguntzaz, Osaneten bidez.

Proiektuak berrikuntzako oinarrizko lau elementu biltzeari zor dio bere berezitasuna:

– Erabiltzaileak gidatutako berrikuntzaren ahalmenari etekina ateratzeko esperientzia pilotua izatea, zeinean erabiltzaileen esperientziarekin lotutako hobekuntzak txertatu baitira.

-IKTetan oinarritutako osasunaren alorreko zerbitzu berrien garapena, herritarrekiko elkarreragin handia duten plataformetan. Adibidez, osasun-karpeta pertsonala, denetan aitzindaria.

– Administrazioko informazio-sistemak erabilerrazak eta zorrotzak izatea, gizartean ahal adinako eragina izan dezaten.

– Ergolab, living lab edo laborategi bizia indartzea. Inguru horien helburua plataforma digital berrietako erabiltzaileak, diseinatzaileak eta ikertzaileak biltzea da, probak egin, informazioa partekatu eta hobetzeko ondorioak atera ditzaten.

Ergolab ekimenean eragile publikoek zein pribatuek hartu dute parte. Eusko Jaurlaritzaz gain, honako hauek daude ordezkatuta: zientzia-teknologia-berrikuntza zikloko eragileak, Deustuko Unibertsitatea, Tecnalia Research and Innovation eta GAIA, Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Elkartea.

Orain, lankidetza- eta lidergo-lan horrek beste fruitu bat eman du, aintzatespen moduan. IeSU asLAN 2013 Cloud & Network Future sarien azken fasean lehiatuko da. Sariak apirilaren 10ean eta 11n banatuko dira Madrilen, «Cloud&Network Future: banda zabala mugikortasunean, gauzen Interneta, hodeian dauden zerbitzuak, zibersegurtasuna» kongresuaren 20. edizioaren barruan.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow