EUSKO JAURLARITZAK MERKATARITZA-BULEGO BAT IREKIKO DU ALEMANIAN, MERKATU HORI LEHENESTEKO ESTRATEGIARI JARRAIKI

13 May, 2013

– Nazioartekotzearen Euskal Sistema koordinatzeko partzuergo bat sortzea proposatzen du. Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta merkataritza-ganberek parte hartuko dute partzuergoan.
– 20 langile baino gehiago dituzten enpresen % 69,8k esportatzen dute, eta 400 produkzio-ezarpen baino gehiago daude kanpoan. Horiei esker, bada, tokiko hornitzaileek kanpora jo dezakete.

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapia 15 euskal enpresa garrantzitsutako* arduradun nagusiekin bildu dira gaur goizean Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den Nazioartekotze Estrategia jakinarazteko. Horren ondoren, Arantza Tapia hedabideen aurrean agertu da, bileraren berri emateko eta euskal ekonomia eta enpresak nazioartekotzea bultzatzeko gobernua prestatzen ari den jarduera-ildo nagusiak aurreratzeko.

Eusko Jaurlaritzak hiru helburu nagusi ezarri ditu gai honen harira:

Euskal ekonomiaren irekitze maila handitzea.
Nazioarteko lankidetza- eta finantzazio-proiektu aldeaniztunetan parte hartzea.
Atzerriko finantzazioa erakartzea eta Euskadin finkatzea.
Munduari irekitako enpresa-egitura

Arantza Tapia sailburuaren aburuz, enpresak ondo kokatuta daude nazioartean, baina hobetzeko aukera logikoak daude.

20 langile baino gehiago dituzten euskal industria-establezimenduen % 69,8k esportatzen dute, eta euskal enpresek 400 ekoizpen-ezarpen baino gehiago dituzte kanpoan.

Gainera, euskal enpresek Europako batez bestekoa baino gehiago esportatzen dute. Estatuan, gehien esportatzen duen autonomia-erkidegoetako bat da.

ESPORTAZIOA BPG-RI DAGOKIONEZ

Alemania
% 39,8

Euskadi
% 30,7

Frantzia
% 21,8

Italia
% 23,9

Esportatutako euro kopurua biztanleko

Nafarroa
10.885 €

Euskadi
9.257 €

Katalunia
7.698 €

Estatuko batez bestekoa
4.711 €

Horiek horrela, aipatu beharra dago enpresa globalizatuek eragin handia dutela hornitzaileengan, bai horiek esportatzera bultzatzen dituztelako, bai kudeaketa gorenaren kultura sortzen dutelako eta horri esker beste herrialde, sektore eta bezero batzuei hel diezaieketelako.

Eusko Jaurlaritzaren Nazioarteko Estrategiak lau jarduera-ildo biltzen ditu:

– SPRIren kanpo-sarea egokitzea eta birdimentsionatzea (16 bulegotik 13ra pasatzea, eta Alemanian bulego bat irekitzea).
– Nazioartekotzearen Euskal Sistema bultzatzea.
– Enpresen nazioartekotze-fase bakoitzerako ad hoc tresnak.
– Giza kapitala arlo honetan trebatzea.

SPRIren bulego-sarea egokitzeari eta birdimentsionatzeari dagokionez, Arantza Tapiak iragarri du merkataritza-bulego bat irekiko dutela Alemanian; izan ere, merkatu horrek jarduera areagotzea ekar dezake, bai eta Euskadiren enpresa-egituran enplegua sortu ere.

SPRIren kanpo-sarea: bulego berria Alemanian

Eusko Jaurlaritza herrialde eta arlo zehatzetan zentratuko da, baliabideak kontzentratzeko eta enpresen nazioartekotzean benetako eragina sortzeko beharra ikusita.

Ildo horretatik, lehentasunez esku hartzeko arloak aukeratu dira, gobernu gisa lan gehiago egiteko, bai eta modu orokorragoan jarduteko beste arlo batzuk ere.

1. lehentasuneko herrialdeak: Ameriketako Estatu Batuak, Mexiko, Alemania, Txina eta India.

2. lehentasuneko herrialdeak: Brasil, Errusia eta Turkia.

3. lehentasunezko herrialdeak: Vietnam, Indonesia, Malasia, Singapur, Kolonbia, Peru, Australia eta Hego Afrika.

Gobernuak apustuari eutsiko dio; hots, 13 herrialdetan egongo da zuzenean, eta 65 herrialdetan eskainiko ditu zerbitzuak. Nolanahi ere, sarea txikitu egin da, alegia, lehen 16 bulego zeuden eta orain, berriz, 13 (Ameriketako Estatu Batuetako bi bulegori eta Poloniako bati uko egin zaie, nahiz eta EEBBtan New York-etik zerbitzua ematen jarraituko den eta merkatuan jarraituko dugun), ahaleginak euskal enpresentzako laguntza indartzea beharrezkoa den merkatuetan zentratzeko.

Honako herrialde hauetan ditu SPRIk bulegoak:

AMERIKA: Ameriketako Estatu Batuak, Mexiko, Brasil, Txile, Kuba, Argentina eta Kolonbia.

EUROPA: Errusia, Txekiar Errepublika, Polonia eta Turkia.

ASIA: India eta Txina.

Alemania, Euskadirentzako merkatu-aukerak

Nazioarteko testuingurua aztertu eta kanpo-sarearen egokitzapen-beharrak baloratu ondoren, komenigarri eta beharrezkotzat jo da Alemanian kanpo-egoitza bat irekitzea.

Alemania Euskadiren kide nagusietako bat izan da urteetan, inportazioen eta esportazioen arloan.

– Hara esportatzen dute gehien bat euskal enpresek, bai eta Frantziara ere. Gure esportazioen % 14,2 Alemaniara egiten dira.
– Gainera, lehentasunezko tokia du hornitzaile gisa. Bigarrena, hain zuzen ere; Errusiaren atzetik.
– Euskal enpresen merkataritza-ezarpen gehien dituen herrialdeetako bat da. Alemanian merkataritza-ordezkaritza duten enpresak oso pozik daude erabakiarekin, eta zuzeneko presentzia izatea oso garrantzitsua dela diote.
-I+G arloko harremanak finkatzeko interesa dago.
-Gainera, Alemaniako turista ugari etortzen dira Euskadira.

Nazioartekotzearen Euskal Sistema koordinatzeko partzuergo bat

Eusko Jaurlaritzak partzuergo bat sortzea proposatzen du. SPRIren egituraren barruan egongo da, eta Eusko Jaurlaritzak, 3 foru-aldundiek eta 3 merkataritza-ganberek osatuko dute. Partzuergoaren ardura koordinatzea izango da, eta ez du ez egiturarik ez giza baliabide edo baliabide ekonomiko gehigarririk beharko.

Nazioartekotzearen Euskal Sistemaren helburu nagusia zera da, kanpo-merkatuetako jarduerak euskal enpresen lehiakortasunean duen eragin positiboa handitzea, tartean dauden koordinazio- eta lankidetza-eragileen bidez.

Enpresen nazioartekotze-fase guztietan laguntzea

Bada elementu aipagarri bat enpresak nazioartekotzen laguntzeko lanean; hots, lankidetza-eskema bereizi eraginkorrenak enpresen nazioartekotze-prozesuaren garapen mailaren arabera egokitzeko gero eta behar handiagoa.

Hainbat motatako enpresari bideratutako eskemak antolatuko dira: enpresa esportatzaile berriei (nazioarteko merkatuetan murgildu ez direnak), nazioartean dauden baina ekoizpen-ezarpenik ez duten enpresei eta enpresa multilokalizatuei.

Hauxe da helburua: enpresak nazioartekotze-prozesu batek behar dituen faseetan laguntzea, eta, horretarako, ad hoc neurriak edo tresnak aktibatzea. Azken batean, enpresa bakoitzaren behar zehatzei erantzutea, «nahi erako» nazioartekotzeko laguntza-zerbitzua ematea, honako hauen arabera:

– neurria
– nazioartekotze maila: hasiera, finkapena, ezarpena
– enpresa eragileen hornitzaileen nazioartekotzea bultzatzea

– ustiapen-eragiketak diruz laguntzea

Giza kapitala sortzea nazioartekotzean

Enpresa-egitura nazioartekotu eta globalizatua duen ekonomia nazioartekotu eta globalizatu batean, beharrezkoa da egoera horretan trebeziaz esku hartzeko gaitasuna duen giza kapitala izatea.

Helburua: kanpo-merkatuetan diharduten giza baliabideei eta, batik bat, nazioartekotzean diharduen gaitasun handiko giza kapitalari laguntza eta babesa ematea.

Dagoeneko abian dauden tresnak:

– Nazioartekotze-bekak: Profesionalak kanpo-merkataritzan eta, oro har, nazioartekotzean trebatzea, euskal enpresek arlo horretako langile kualifikatuak izan ditzaten.
– Mugikortasun-bekak: gazteen profesionalizazioa eta nazioartekotzea bultzatzea lanbide-jarduera batekin lotutako praktika egiten atzerrian.
– Profesionalak kontratatzea mikroenpresetan eta enpresa txikietan. Langileak jatorrian kontratatzen laguntzea, esportazio-jarduerei hasiera emateko: langile espezialistak aukeratzeko gastuak, soldata. Nazioartekotze- eta mugikortasun-programetan trebatutako bekadunak kontratatzea erraztea.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow