Eusko Jaurlaritzak Alemaniako eta Euskadiko adituak bilduko ditu etorkizuneko industria aztertzeko

6 October, 2014

Industria-enpresak informazio-teknologia berrietara egokitzea sustatzen du Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak

SPRIk antolatutako jardunaldiak alor horretako mundu mailako punta-puntako aditu baten presentzia izango du, Adimen Artifiziala Ikertzeko Alemaniako Zentroko (DFKI) zuzendariarena. Berarekin batera arituko dira EAEko puntako enpresetako eta teknologia-zentroetako adituak.

Arantza Tapia sailburuak datorren urriaren 15ean emango dio hasiera ‘Basque Industry 4.0. Lantegi adimenduna’ jardunaldiari, Eusko Jaurlaritzaren industria-estrategian kokatzen den ekimenari

Jardunaldian teknologiaren ezarpen praktikoak ikusi ahal izango dira, hala nola 3D inprimaketa, errealitate birtual areagotua, ikusmen artifiziala, robotika eta ‘cloud computinga’.


Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, SPRI enpresa-garapenerako bere agentziaren bidez, askorentzat Laugarren Industria Iraultza denari, ‘lantegi adimendunari’, buruzko jardunaldia egingo du datorren urriaren 15ean Bilbon. Iraultza hori Informazio eta Komunikazio Teknologia berriak (IKT) produkzio-prozesuetan txertatzearen ondorioz sortu da. Jardunaldiko hizlarien artean, alor horretako mundu mailako punta-puntako ikertzaile bat egongo da, zehazki, Adimen Artifiziala Ikertzeko Alemaniako Zentroko (DFKI) zuzendaria. Berarekin batera arituko dira, gainera, EAEko puntako enpresetako eta teknologia-zentroetako adituak ere.

EAEko industria-enpresei elektronikaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrietara egokitzen laguntzea da ‘Basque Industry 4.0. Lantegi adimenduna’ izenburupean Bilboko Euskalduna Jauregian burutuko den jardunaldiaren helburua, iraultza horren ondorioz, mundu mailan industria-errealitate berria sortzen ari baita. Ekitaldia Eusko Jaurlaritzaren Industria Planaren esparruan kokatzen da, Euskadiko Espezializazio Adimendunari eta Agenda Digitalari erantzunez, eta betiere Basque Industry 4.0. eraikitzeko bidean.

Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuaren aurkezpenaren ondoren, Wolfgang Wahlster Adimen Artifiziala Ikertzeko Alemaniako Zentroko (DFKI) zuzendariak hitz egingo du, ‘4.0. industria: Lantegi Adimendunetan oinarritutako Laugarren Industria Iraultza‘ izeneko hitzaldia eskaintzeko. Wahlsterrek 1988az geroztik zuzentzen du DFKIa, eta 600 zientzialaritik gora zuzentzen ditu. Azken mende laurdenean, eta bertan egindako ikerketen ondorioz, teknologia-garapenak ustiatzen dituzten 68 enpresa sortu ahal izan dira. Wahlster doktorea Alemaniako Zientzia Batasuneko kidea eta Nobel sariez arduratzen den Suediako Zientzien Errege Akademiako kidea ere bada. Gainera, Alemaniako manufakturak digitalizatzeko estrategia ere bere ardurapean dago.

Gainerako hizlariak EAEko puntako enpresa eta teknologia-zentroetako adituak izango dira; honako hauek, hain zuzen: EHUko Aitzol Lamikiz; David Sanchez Tecnaliako Industria eta Garraio Dibisioaren zuzendariordea; Iñigo Barandiaran Vicomtech-IK4ko Industria eta Fabrikazio Aurreratuko zuzendaria; Juan Jose Galdos Ibermáticako Enpresa Soluzioen zuzendaria; Joseba Laka Tecnaliako ICP Dibisioaren zuzendaria; Jorge Posada Vicomtech-IK4ko zuzendariondokoa; Antxon Lopez Danobateko berrikuntza-zuzendaria;  Alfonso Ganzabal Sisteplant Innovative Technologies-eko zuzendari kudeatzailea; Tomas Iriondo Gaia Klusterreko zuzendari nagusia; Patricia Tames Invema-AFMko zuzendariondokoa; eta Loreto Susperregi IK4-Teknikerreko Robotikako koordinatzailea.

Goizeko hitzaldien ondoren, bertan aurkezturiko teknologia bakoitzaren ezarpen eta kasu praktikoen aurkezpenetara joateko aukera izango dute partaideek arratsaldeko lantegietan. ‘Basque Industry 4.0.’ jardunaldiko adituek batik bat honako hau azpimarratuko dute: teknologia horiek ez daudela soilik industria-enpresa aurreratuenen esku; guztiz bestela, negozio bakoitzaren beharrizan berezietara egoki daitezkeela. Gainera, inbertsio bideragarriak direnez, eskaintzen duten emaitza-hobekuntzari esker, oso bizkor amortizatzen dira.

Lantegi adimenduna lantegiaren bertsio informatizatua da. Bertan, prozesu guztiak elkarri lotuta daude eta elkarri eragiten diote. Honako hauek izango dira industria-iraultza berri horren erronkak: “software” egokia garatzea, datuen azterketa masiboa eta biltegiratzea egokitzea, produkzio-prozesuetan eta produktuetan sentsoreak eta elektronika txertatzea, eta erabakiak hartu ahal izateko informazio eguneratu guztia eskura izatea.

Horrenbestez, errealitate birtual areagotuak, ikusmen artifizialak, robotikak, fabrikazio gehigarriak (3Dko inprimaketa barne), cloud computingak eta datuen tratamendu masiboak (Big Data) enpresen epe laburreko lehiakortasuna areagotzen dute. Horiek, gainera, geroz eta zorrotzagoa den merkatuan irauteko bermetzat ere ulertu behar dira, krisiak erakutsi baitu egoki kokatzeko ez ezik, iraun ahal izateko ere, zer garrantzitsua den berrikuntza.

4.0. industria Alemaniarekin, eta industria-lidergoa ‘Vanguarden’

EAEko industriaren iraultza berri hori bultzatu eta sendotzeko Eusko Jaurlaritzaren konpromiso instituzionala bi alderditan gauzatzen da: barrura begira, Eusko Jaurlaritzak berak zuzentzen duen Plan Estrategikoan eta, kanpora begira, industria adimendunaren europar estrategia zehazten duten nazioarteko talde aitzindarietan EAEk duen presentzian. Duela gutxi, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren ordezkaritza bat, Arantza Tapia sailburua buru zela, Alemaniako hainbat eragilerekin batera (clusterrekin, unibertsitateekin, teknologia-institutuekin, enpresekin…) lan-saioetan parte hartzera gonbidatu zuten, herrialde horretako joerak eta industria-politikako estrategiak zuzenean ezagutu ahal izateko.

Gainera, Alemaniako Gobernu Federalak, Ekoizpen Teknologien (fabrikazio-teknologien) Fraunhofer Institutuaren bidez bultzatutako nazioarteko Benchmarking lanean parte hartzeko gonbidapena jaso du Eusko Jaurlaritzak. Tapia sailburuaren esanetan, gonbidapen hori “aukera paregabea da Euskadik fabrikazio aurreratuaren azken joerei buruzko lehen eskuko informazioa eskuratzeko”.

2013az geroztik, Euskadik Europako 15 eskualdek osatutako ‘Vanguard’ taldean hartzen du parte; eskualde horiek guztiek espezializazio adimendunaren bidez hazkundea bultzatzeko asmoa partekatzen dute.

DOSIERRA pdf EUSK aurkezpena Basque Industry

Informazio gehiago:

http://spri.eus/basqueindustry_4_0/es/

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow