Euskal Hiria, lurralde eredu berri baterantz

2 November, 2016

Topaketan LAZetan eginiko aurrerapenak aurkeztuko dira.

 

Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak iazko ekainean erabaki zuen LAZ, Lurraldearen Antolamendurako Zuzentarauen berrikuspena abiatuko zuela, zuzentarau horiek egungo premiei egokitzeko. Helburu horrekin, parte-hartze prozesu zabal bat bultzatu zuen gizartean. “Euskal Hiria Kongresua 2015” ekitaldiarekin batera eman zitzaion hasiera prozesu horri, eta topaketaren hurrengo edizioan aurkeztuko dira eztabaidaren emaitzak, Zuzentarauen Aurrerapena dokumentuan jaso direnak.

 

Kongresua azaroaren 21ean eta 22an egingo da Donostian, Carlos Santamaría Zentroan. Bi egun horietan aztergai izango dira LAZen berrikuspen prozesu berrian kontuan hartu diren ikuspegi transbertsalak, hiri- eta landa-inguruneek dituzten erronka berriekin lotuak daudenak. Erronken artean daude ekologiaren eta ekonomiaren arteko oreka, mugikortasuna, genero ikuspegia edota smart city-en hedapena.

 

Lurraldearen antolamendu ereduaren berrikuntzari buruz hitz egiteko, Daniel Innerarity etorriko da kongresura, Filosofia Politikoko katedraduna eta Gobernantza Demokratikoaren Institutuko zuzendaria. Hortik aurrera, LAZen Berrikuspenerako Aurrerapena dokumentuko alderdi garrantzitsuenak landuko dira, arduradun politikoen eta esparru askotako adituen (hirigintza eta lurraldearen antolamendua, hiriko mugikortasuna, arkitektura, teknologiak eta ingurumena) parte-hartzearekin.

 

Hona hemen LAZen berrikuspenak aztergai dituen alderdi transbertsalak eta kongresuan landuko direnak: besteak beste, euskara lurraldearen plangintzan, osasunaren erronka, landa-inguruneen erronkak, mugikortasun sostengarria, edota ekonomia zirkularra Euskadin. Hirigintza plangintzaren azpiegitura berdeei dagokienez, SITxell esperientzia aurkeztuko da topaketan, Bartzelonan aspalditik martxan dagoena. Proiektu hori lurraldea aztertzeko tresna bat da, zeinak lurralde ez urbanizagarria sailkatzen baitu bere ezaugarrien arabera, eta jardunbide egoki bihurtu da lurraldeko espazio naturalen babesa eta gizakiaren erabilerak bateratzeko.

 

Smart city-en esparruan, Gasteizko Coronación auzoaren kasua azalduko da. Proiektu hori Europako SmartEnCities deialdiaren barnean dago, eta helburutzat du etxebizitzak birgaitzea eta mugikortasuna hobetzea energia eraginkortasuneko irizpideak kontuan hartuta. Horretarako, teknologia berriak baliatu dituzte, eta auzotarren parte-hartzea bultzatu dute.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow