Euskal enpresek nazioartean zabaltzeko duten gogo biziaren adierazle, hilabeteko epean 780 bilera egin dituzte SPRIko kanpo sarearekin

4 April, 2013

– Ipar Amerikako, Afrika eta Ekialde Ertaineko, Europako, Latinoamerikako eta Asiako arduradunak EAEko hiru hiriburuetan elkartu ziren atzerriko merkatuetara irten nahi duten 357 enpresarekin.
– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak bultzatzen dituen topaketa horien helburua da edozein euskal enpresari aukera ematea bere proiektua gara dezan, aukeratutako herrialde edo eremu geografikoan aditua den ordezkari baten laguntzaz.
– 2012. urtean SPRIren kanpo sareak euskal enpresen 500dik gora nazioartekotze proiektu bultzatu zituen.

Pasa den hileetan zehar, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak euskal enpresen nazioartekotzea bultzatu du eta 780 bilera antolatu ditu SPRIko kanpo sarearen eta EAEko 357 enpresaren artean, Eusko Jaurlaritzak euskal enpresa-sareari nazioartekotzen laguntzeko abiatu dituen politiken markoan. Topaketak EAEko hiru hiriburuetan egin dira eta aste bakoitza eremu geografiko bati edo batzuei zuzenduta egon da: Ipar Amerika; Afrika eta Ekialde Ertaina; Europa eta, azkenik, Latinoamerika eta Asia.

Hala, munduko eremu geografiko desberdinetan kokatutako SPRIko kanpo sarearen ordezkariak Euskadira etorri dira bertako enpresekin elkarrizketatzeko eta nazioartekotzea bultzatzeko. Topaketa hauetan atzerriko merkatuetara ireki nahi duten euskal enpresek interesatzen zaizkien merkatuei buruzko lehen eskuko informazioa eskuratu dezakete, jomuga herrialde horretan diharduen ordezkariaren edo aholkulariaren eskutik.

Elkarrizketetan atzerriko ordezkariek aurkeztutako proiektuari buruzko gogoeta estrategikoa egin dute enpresa interesatuekin eta analisia azaldu ondoren, gure mugetatik kanpo kokatutako sarearen zerbitzuak eskaini dizkiete: jomuga merkatuen informazioa eta azterketa, sarrera komertziala, atzerrian ezarpen komertzialak eta produktiboak egiteko laguntza, aldi-baterako kokapena SPRIk herrialde desberdinetan dituen negozio zentroetan, prospekzio bidaia indibidualizatuak antolatzea, tramite ofizialetarako laguntza, tokiko agintaritza eta administrazioekin harremanetan jartzea eta prozesua finantzatzeko laguntzak.

Balantzea eremu geografikoka

SPRIko kanpo sarearekin eginiko topaketen azken edizio honetan 780 elkarrizketa egin dira 357 enpresarekin. Horietatik 83k adierazi dute Europako herrialdeetan garatu nahi dituztela beren proiektuak, 97k Latinoamerikan, 67k Afrikan eta Ekialde Ertainean, 46k Asian eta 64k Ipar Amerikan.

Lehen topaketak Ipar Amerikari buruzkoak izan ziren eta otsailaren amaiera aldera egin ziren. Guztira 79 elkarrizketa egin ziren beste horrenbeste proiekturi buruz eta 64 enpresak parte hartu zuten. Martxoko lehen astean Afrika eta Ekialde Ertainari buruzko bilerak egin ziren; guztira 67 enpresak azaldu zuten bi eremu geografiko handi horiekiko interesa eta 174 elkarrizketa egin ziren.

Hurrengo topaketetan Europa izan zuten aztergai; 83 enpresak parte hartu zuten eta Europako topaketa horietan egin ziren elkarrizketa gehien, 285 hain zuzen. Azkenik, Latinoamerika eta Asiako ordezkarien txanda izan zen. Latinoamerika izan zen interes handiena piztu zuen bigarren eremu geografikoa, 185 elkarrizketa egin zirelarik; Asiari buruzko elkarrizketak, berriz, 57 izan ziren.

2012an zehar euskal enpresek guztira 502 nazioartekotze proiektu garatu zituzten SPRIren kanpo sarearen laguntzaz.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow