Euskadik markatuko du enpresa-guneetako bikaintasuna

6 February, 2017

 

Euskadiko eta beste sei autonomia erkidegotako enpresa-guneek bikaintasun eta lehiakortasun bereizgarri bat izango dute. Ekimen honen helburua da enpresa-guneen zaintzaren inguruko gaietan sentsibilizatzea eta gune horien mantenimendu- eta zerbitzu-maila identifikatu eta sailkatzea.

 

Proiektu pilotuak Euskadi, Katalunia, Galizia, Extremadura, Madril, Valentzia eta Balear Uharteetako 10 industria-gune ebaluatuko ditu. Enpresa-gune bikainak sarituko ditu eta euretan kokatzen diren jardueren lehiakortasuna sustatuko du.

 

Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailari atxikia dagoen eta SPRI Taldearen menpekoa den Sprilur-ek CEPE-Espainiako Enpresa Industrialdeen Koordinakundeko Zuzendaritza Batzordeko kide bezala parte hartuko du enpresa-guneen kalitate-marka indartzeko ekimen batean. CEPEko bazkideek eginiko gogoeta sakon batetik sortu da ekimen hori, iruditzen baitzaie ezinbestekoa dela arestian aipatutako egiaztapen marka hura enpresa-guneetan.

 

Hala, Euskadiko enpresa-guneek “bandera urdina” bezalatsuko akreditazio bat eskuratu ahal izango dute beren kalitatea saritu eta bereizteko. Akreditazio horrek azpiegituren, zerbitzuen eta inguruan dituzten beste aldagai batzuen kalitatea baloratu eta baliozkotuko du.

 

CEPEk etengabeko hobekuntza proiektu bat aurkeztu du ofizialki, zeinaren helburua baita balioa ematea enpresa industrialdeei, ekonomiaren motor diren aldetik.

 

Ekimen horren bidez gutxiengo prestazio eta kalitateak izatea saritu eta egiaztatuko da hainbat arlotan, hala nola hauetan: zerbitzuak eta azpiegiturak (argiztapena, aparkalekuak, telekomunikazioak…), oinarrizko zerbitzuen kudeaketa eta hornidurak (argindarra, gasa, ur-sareak…), enpresa-gunearen kudeaketa, enpresei ematen zaizkien zerbitzuak (zaintza, prestakuntza, teknologien modernizazioa, laneko eta etxeko bizitzak bateratzea…), mugikortasuna eta garraioa, gizartearen eta ingurunearen eragina… eta denetan baliozkotuko dira gaitasun- eta mantenimendu-mailak.

 

Ordezkaritza duten autonomia erkidegoek uste dute funtsezkoa dela enpresa-guneen kudeaketan eta erabilpenean inplikatutako eragile guztiek apustu egin dezatela enpresa-gune horiek behar bezala zaindu eta mantentzearen alde. Hala, beren kalitate eta zerbitzu mailak baloratuz eta sailkatuz, posible izango da enpresa-guneak sailkatzea hotelak izarrekin edo hondartzak bandera urdinekin egiten diren bezala.

 

Ekimen honen xedea da horrelako guneak kudeatzen dituzten enpresa antolakundeak eta administrazio publikoak sustatzea eta pizgarriak eskaintzea. Ondoko hauek eska dezakete marka edo bereizgarri bat enpresa-guneentzat: udalek, foru aldundiek, erakunde sustatzaileek, kontserbazio erakundeek, jabe komunitateek edota enpresari elkarteek, besteak beste.

 

Kalitate eta bikaintasun marka hauek onuragarri gertatuko zaizkie enpresa elkarteei, langileei, kudeaketa erakundeei, udalei eta erabiltzaileei oro har, denei ekarriko baitie balio erantsia, lehiakortasuna, ongizatea eta garapen ekonomikoa.

 

Erradiografia pilotua Euskadi, Katalunia, Galizia, Extremadura, Madril, Balear Uharte eta Valentzia erkidegoetako 10 industria-gunetan egingo da aurrena. Lantalde tekniko aditu bat hasia da diagnostiko-azterketa bat egiten aurrez aukeratutako arlo hauetan: segurtasuna, garbiketa, azpiegitura telematikoak, garraioa, e.a.

 

Bide horretan, Sprilur-ek eta Enpresa-guneen Estatuko Koordinakundeak apustu egin dute horrelako ekimen eta markak defendatu eta ezartzearen alde.  Bultzada, hobekuntza eta lankidetza publiko-pribatuko neurriak ezartzea “onuragarria izango da ekonomiarentzat eta lehiakorragoak egingo gaitu panorama zail eta globalago batean”, esan dute CEPEko iturriek.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow