Azti partaide den Europako partzuergo batek 1.200 milioi euro inbertituko ditu etorkizuneko elikagaiak garatzeko

29 November, 2016

EIT Food partzuergora biltzen dira Europar Batasuneko eta beste herrialde elkartu batzuetako enpresak (50 guztira), unibertsitateak eta ikerketa-zentroak, denak ere sektoreko liderrak eta balio kate osoa estaltzen dutenak.

 

Azti euskal ikerketa-zentroa partaide den Europako partzuergo bat aukeratua izan da etorkizuneko elikagaiak garatzeko. Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuak (EIT) sektoreko liderrak diren eta balio kate osoa estaltzen duten enpresa (50), unibertsitate eta ikerketa-zentroz osaturiko EIT Food partzuergoa hautatu du langintza horretarako Food4Future deialdiaren barruan. Datozen zazpi urteetan, bazkideek 1.200 milioi euro inguru inbertituko dituzte, eta EITk 400 milioi euroko finantzaketa emango du.

 

Kontsumitzaileak aldaketa eragiletzat harturik, EIT Food erakundeko bazkideek konpromisoa hartu dute elkarlanean arituz elikagaiak produzitzeko, banatzeko eta kontsumitzeko dugun modua eraldatzeko.

 

Europako Batzordearen lehentasunetako bat da elikagaien etorkizuna, eta horregatik, EIT Food erakundeak funtsezko edukia sortuko du Europa osorako (eta Europatik kanporako) elikadura sistema osasungarri eta sostengarri bat berreraikitzeko.

 

EIT Food, kontsumitzailearengan zentratutako berrikuntza komunitatea den aldetik, berrikuntzaren motor bihurtuko da elikagaien balio katea estaltzen duten eragile guztientzat. Elikadura arloko berrikuntza-ekosistema bat eraikiko du, kontsumitzaileei konfiantza emateko eta ingurumenarekiko sostengarria den dieta osasuntsurako eskubidea babesteko.

 

EIT Food erakundeak nazioarteko ikasle trukerako programak antolatuko ditu, eta diziplina arteko master bat garatuko du Elikadura Sistemei buruz. Ildo beretik, milaka ikasle eta elikadura sektoreko profesional prestatuko ditu onlineko tailer, udako ikastaro eta hezkuntza programen bidez (bai ikastaro masibo irekiak, bai eta ikastaro espezializatu pribatuak).

 

EIT Food erakundearen hegoaldeko gunean (Espainia, Israel, Italia eta Portugal) 11 bazkide eta 14 startup berritzaile daude, osagarriak diren esparruetan espezializatuta daudenak. Begoña Pérez-Villarreal, AZTIko merkatu zuzendari eta CLC South guneko bitarteko arduradunak, hauxe adierazi du: “Dieta mediterraneoa nutrizio eredu osasungarritzat harturik, Hegoaldeko guneak bizimodu desberdinei egokitutako elikagaiak eta balio erantsidun zerbitzuak produzitzen ditu, kontsumitzaileek parada izan dezaten kalitate gastronomiko handiko elikagai osasuntsuak aukeratzeko.“

 

Espainiako sei bazkideak dira 3 enpresa (Acesur, Angulas Aguinaga eta Grupo AN), 2 ikerketa-zentro (CSIC eta AZTI) eta Madrileko Unibertsitate Autonomoa. Horiez gain, Hegoaldeko guneko partaide dira baita ere Italiako 2 bazkide (Italiako abeltzainen elkartea eta Turingo Unibertsitatea) eta Israelgo 3 bazkide (Algaetechnologies, GrupoStrauss eta Technion). Sortutako kolaboratzaile sarearen bitartez, guneak sarbidea du sektoreko 1.200 ETE baino gehiagotara.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow