Europa Transit: hamar bidaia, hamar bake istorio

29 December, 2016

Gatazkan dauden lurraldeei buruzko 10 dokumentalekin amaituko da DSS2016 proiektua.

 

Fátima, Hassan, Dilyar eta Yusef haurrak dira Eskola Ibiltariko protagonista batzuk; dokumental horrek Cherso errefuxiatuen kanpalekuan (Grezia iparraldean) martxan jarritako hezkuntza proiektu bat azaltzen du. Dokumentaleko protagonistak ume-talde handi bateko kide dira, 25 milioitik gora baitira beren etxeak utzi dituzten adin txikikoak, beren herrietako bonbardaketetatik eta indarkeriatik ihesi alde egin dutenak eta urik, argindarrik eta are gutxiago hezkuntzarik ez duten kanpin dendetan ahaztuta bukatu dutenak.

 

Ekimenaren helburua da animaziozko film labur bat egitea, non haurrek beren pertsonaiak eta istorioak sortu baitituzte, bizitako esperientziak eta dituzten nahi eta kezkak islatzeko. Abenduaren 22an aurkeztutako Eskola Ibiltaria dokumentalak istorio hori jaso du, eta horrekin Europa Transit proiektuko azken ibilbidea osatu da, Donostia-San Sebastián 2016 Bakearen Itsasargia ekimenaren barruan.

 

Parte-hartzaileek autobusez bidaiatu dute gatazkaren bat jasan duten edo gatazkan murgilduta dauden Europako hamar lurraldetara, jatorri desberdinetako artisten laguntzarekin. Europa Transit lantaldeak dokumental bat egin du hiri horietako bakoitzean; gatazka bizi izan dutenen lekukotzak jaso dituzte, haien errealitateak hurbiltzeko eta enpatiaren eta elkar ulertzearen baloreak zabaltzeko. Bidaia aurtengo urtarrilean hasi zen, eta geroztik hainbat hiri bisitatu dituzte: Ceuta, Belfast, Dresden, Wroclaw, Sarajevo, Mosku, Pafos, Plovdiv, Pristina eta Tesalónica.

 

Lehen geldialdiak, Ceutak, oinarritzat hartu zituen Europan sartzeko muga gurutzatzen duten etorkinen esperientziak, eta Sergi Cámara argazki-kazetariak istorioak eta argazkiak jaso zituen esperientzia horiek azaltzeko. Ekimenaren emaitza Ceutako Etorkinen Aldi-baterako Egonaldi Zentroan egon zen ikusgai. Bosnia eta Herzegovinan, Maite Arroitajauregi euskal artistak “Sarajevoko txelo jolearengan” inspiratutako pieza musikal bat sortu zuen, hiriko musikarien parte-hartzearekin. Plovdiv-en, Bulgarian, Sra Polaroiska kolektibo artistikoak dantza tailer bat egin zuen ijito arrazako gazteekin, beren eguneroko bizitzan bizi duten bazterkeria erakusteko. Aipatu istorio horiek denak ageri dira dokumentaletan, zeintzuk EITBn estreinatu eta EITBren atarian ikus baitaitezke.

Europa Transit, “Escuela en Tránsito”

[embed_blog_up_euskadi id=”1″]

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow