Eskuekin ikusteko erakusketa bat San Telmo Museoan

29 November, 2016

Hoy toca el Prado erakusketa ikusgai egongo da otsailaren 16ra arte.

 

Madrilgo museoko sei obra ezagun daude Hoy toca el Prado erakusketako bilduman. Proiektu honek aukera ematen du margolanak ukimenaren bidez ezagutzeko eta horrela irisgarri egiteko ikusmen ezintasunak dituzten pertsonentzat. Erakusketan Velázquez, Goya, El Greco eta Leonardo da Vinci margolarien lanak daude, besteak beste, eta pinakoteka donostiarraren bildumako oihal berri bat gehitu da San Telmoko aldi-baterako erakusketa honetarako: Ignacio Zuloagaren Hamarretako lana.

 

Proiektu hau El Prado Museoaren eta Estudios Durero enpresa bizkaitarraren artean garatutako lankidetzaren emaitza da. Enpresa horrek garatu ditu erliebezko oihalak, Didú izeneko metodologia propioa erabiliz. Estudios Durero enpresako proiektu arduradun Cristina Velascok azaldu duenez, “sistema honek tresna artistikoak, teknologikoak, pedagogikoak eta irisgarritasun tresnak uztartzen ditu”, “eta metodologia horrekin, edozein artelanen ukimenezko erreprodukzioak lor ditzakegu”.

 

Ekimen honi esker, itsuek edo ikusmen murriztua duten pertsonek hurbilagotik bizi dezakete arte piktorikoa “nahiz eta badauden erreprodukzio batzuk, normalean beste tamaina batzuetan eginiko egokitzapenak direnak eta jatorrizkoa baino askoz ere kalitate eskasagokoak” azaldu du Cristina Velascok, “guk ahalik eta modu leialenean erreproduzitzen dugu obra, kolorea mantenduz eta testura eta bolumenak aplikatuz”. Koadroak irisgarri bihurtzen dira itsuentzat, baina, horrez gain, aukera ematen zaio edozein bisitariri artea esploratzeko museoetan normalean erabili ezin izaten den zentzumen baten bidez. “Piezak berdin erakargarriak dira itsuentzat nahiz ikusmen arazorik ez dutenentzat, beraz, enpatia sortzen da” adierazi du Velascok.

 

Ikusmen ezintasuna duen pertsona talde batek parte hartu du obrak diseinatzeko prozesuan, bai bolumenak eta testurak definitzeko fasean, eta baita ere oihal bakoitzari dagokion audio-gidaren sorkuntzan. Audio horiek bereziki pentsatuta daude pertsonaren eskuak piezan barrena gidatzeko eta ukimenaren bidez hobeto ulertzeko: “kontua ez da audioaren bidez entzutea zer dagoen koadroan, baizik eta jakitea nola ukitu behar den, eduki guztiaz jabetzeko”.

 

Hoy toca el Prado erakusketa 2015aren hasieran ireki zen lehenbizikoz Madrilgo museoan, eta aurreikusitakoa baino hiru hilabete gehiagoz luzatu zen, jendetza ikaragarria bildu zuelako. Aurten hiru arte-gunetatik igaro da (horietako azkena da San Telmo Museoa), eta 2017an beste hiru museotan egongo da ikusgai. Donostian, ekimena DSS2016 programako Elkarrizketak ildoaren barruan sartzen da, zeinaren helburua baita aliantzak sortzea inguruko kultur eragileekin.

 

Touching el Prado

[embed_blog_up_euskadi id=”1″]

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow