Nola eskalatzen da berrikuntza sozialeko proiektu bat?

17 November, 2016

NESTA agentzia britainiarrak argitaratu berri duen azterlan batean zenbait giltzarri ematen dira enpresa eta ekimen sozialentzat.

 

Berrikuntza sozialeko ideia asko txiki jaiotzen dira eta txiki gelditzen dira; eta nahiz eta askotan eurak diren modurik onena inguruko premiei erantzuteko, eredua erreplikatuz edo beste toki batzuetara zabalduz posible da antzeko erronkak konpontzea eta proiektuaren inpaktu positiboa zabaltzea. NESTAk eginiko What does it take to go big? txostenak dioenez, zaila da berrikuntza sozialeko proiektu bat eskalatzea, zeren batzuetan arrakastaren giltzarriak izaten dira pertsona-talde zehatz bat, inguruarekiko konexioak edo partekatutako baloreak.

 

Enpresei edo berrikuntza sozialeko ekimenei beren proposamena eskalatzen laguntzeko, NESTA berrikuntza agentzia britainiarrak azterlan bat egin du, non 52 proiekturen esperientzia praktikoak aztertzen baititu, batzuk Britainia Handikoak eta beste batzuk Britainia Handitik kanpokoak. Ekintzaile sozial horiek bizitako esperientzietatik abiatuta, hainbat alderdi identifikatu ditu hazteko orduan kontuan hartu behar direnak.

 

Dagoeneko deskargatzeko moduan dagoen argitalpen horrek hainbat giltzarri eskaintzen ditu. Lehenengoa da “funtzionatzen duen eskala bat aurkitzea”. Azterlanaren arabera, berrikuntzarik onenak dira hasieratik bertatik hazkunde-plan bat dutenak, hau da, ebidentzian oinarritutako eredu argi bat dutenak gero beste testuinguru batzuetara eramateko. Zentzu horretan, hazkundea bi fasetan eman daiteke: proba azkarrak egiteko eta ikasteko fase bat, eta eskalatu beharreko ereduaren nukleoa ezartzeko beste bat.

 

Beste giltzarrietako bat da ibilbide egokiak aurkitzea proiektua haziarazteko, antolakundea modu askotan hazi baitaiteke: lizentzia eta afiliazioen bitartez, kolaborazioen bidez edo eredua sarean erreplikatuz. Argitalpenak GoodGym proiektua jartzen du eredu bezala, zeinak proposatzen baitu kirola egitea eta, aldi berean, komunitatearentzat onuragarri diren ekintzak egitea. Bultzatzaileek enpresa pribatuekiko akordioak, finantzaketa publikoa eta parte-hartzaileentzako harpidetza txikiak (eurekin adostuak) uztartuz eskalatu zuten proiektua.

 

Azkenik, txostenak “eskalatzeko gaitasuna eraikitzea” gomendatzen du. Horrek esan nahi du inbertitu egin behar dela pertsona berritzaileek horretarako behar dituzten gaitasun berrietan (marketinean edo negozioaren garapenean), ahalik eta gehien aprobetxatu behar direla teknologia digitalak, ekimenaren parte diren kideen artean sare bat sortzeko, eta bideak sortu behar direla proiektuaren kultura eta baloreak partekatzeko.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow