Ellas BizLab-ek “Slow Startup” eredua proposatzen du

20 October, 2016

Emakumeekin elkarteak eta Ellas2 erakundeak tailer bat antolatu dute Bilbon urriaren 27 eta 28an.

 

Emakumeekin elkarteak eta Ellas2 aholkularitzak ekintzaile izateko modu alternatibo bat defendatzen dute, Silicon Valley-ko ereduaren erabat desberdina dena: “Slow Startup”. Eredu horren bidez ekonomikoki sostengarriak diren proiektuen sorkuntza sustatu nahi da, baina finantzaketa eta irabazien bilaketa gizakion premien gainetik jarri gabe. Ellas2 elkarteak bere atarian dioen bezala, “ekin egin behar da bizitzeko, eta ez bizi ekiteko”.

 

Urriaren 27an eta 28an, Emakumeekin elkarteak eta Ellas 2 aholkularitzak BizLab – Boot Strapping tailerra antolatuko dute BEAZek Bilbon duen egoitzan, ekintzailetza ulertzeko modu horretan interesatutako sektore teknologikoko emakumeentzat. Jardunaldi horretan hainbat dinamika garatuko dira epe laburrean merkaturatu daitezkeen produktuak eta zerbitzuak diseinatzeko. Tailerraren helburua da parte-hartzaileei beren negozioetarako finantzaketa-iturriak lortzen laguntzea salmenten bidez, kanpoko inbertitzaileengana jo beharrik izan ez dezaten.

 

Jardunaldia doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da parte hartzeko. Ekitaldia beraizik zuzentzen zaie startup teknologikoetako arduradun diren emakumeei eta beren negozioari bultzada bat eman diezaioketen produktu eta zerbitzu teknologikoak ikertu nahi dituztenei. Gainera, tailerrean izena ematen duten ekintzaileek doako aholkularitza zerbitzu bat ere jasoko dute Ellas2 erakundearen eskutik.

 

Jardunaldia bi erakunde horien arteko lankidetzaren barruan kokatzen da, zeintzuen helburua baita sektore teknologikoetako emakume ekintzaileei beren negozio ideiak bultzatzen laguntzea. Euskadiko Emakumeekin elkarteak eta Madrileko Ellas2 aholkularitzak ekintzailetzari aplikatutako “slow eredua” sustatzen dute. “Horrek ez du esan nahi astiroago ibili beharra dagoenik, baizik eta abiadura egokian” azaldu du Susana Zaballak, Emakumeekin elkarteko presidenteak, “baliozkotzat hartu dugu eredu bat, Silicon Valley-koa alegia, gutxiengo batentzat baino ez dena sostengarria. Guk ikusarazi nahi dugu badela sektore digitalean ekintzaile izateko beste modu bat”.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow