Ekintzailetza bultzatzeko ideiak Bilbon

13 December, 2016

Bilbao Ekintza erakundeak lehiaketa hiritar bat abiarazi du WeLive plataformaren bitartez.

 

WeLive Europako Batzordearen ekimen bat da, zeinak helburutzat baitauka konponbide berriak sortzea hirien erronkentzat, aplikazioak sortuz hiritarren eta tokiko enpresen arteko lankidetzarekin. Hiru hirik eta eskualde batek osatzen dute partzuergoa: Bilbo, Trento, Novi Sad eta Helsinki eskualdeak. Eta horretarako, WeLive plataforma teknologikoa sortu dute, non edozein pertsona edo erakunde sar baitaiteke premiak azaldu eta proposamenak egiteko.

 

Parte hartzea sustatzeko, Bilboko Udalak ideia lehiaketa bat abiarazi du WeLive plataforman, Bilbao Ekintza erakundearen bitartez. Lehiaketaren helburua da tokiko ekintzaileen ekosistema bultzatzea Bilbon, garapen ekonomikoa eta soziala sustatzeko. Hala, deialdi horren bitartez proposatuko diren aplikazio edo konponbide teknologikoek zerikusia izango dute enpresa berriak sortzeko laguntza-zerbitzuekin, tokiko ekintzailetzarekin lotutako komunitateak bultzatzearekin edota premia zehatzei erantzuteko tresnen garapenarekin.

 

Lehiaketaren asmoa da tokiko ekintzailetza sustatuko duten konponbide berriak biltzea eta hiritarrak nahiz hiriko eragile anitzak (hala nola, enpresak, erakundeak, elkarteak edo kolektiboak) prozesuan inplikatzea. Lehiaketan parte har daiteke abenduaren 31ra arte, eta proposamen irabazleak urtarrilaren 31n emango dira ezagutzera; irabazleek 2.000 euroko material elektronikoa jasoko dute sari gisa.

 

WeLive plataformak askotariko tresna elektronikoak eskaintzen ditu, eta bereziki diseinatuta dago hiritarrek zerbitzu publiko berrien eraikuntzan parte har dezaten. Horizon 2020 programaren barruan sortutako ekimen horrek zubi bat eraiki nahi du administrazio publikoen, hiritarren eta enpresen artean, open data eta berrikuntza irekiaren paradigmetan oinarritutako aplikazio teknologiko berriak sortuz.

 

WeLive espazioak Open Innovation Area izeneko atal bat du ideiak igotzeko, bozkatzeko edo garatzen laguntzeko; horrez gain, Marketplace bat ere badu, non tresna teknologikoak, baliabideak eta garatutako aplikazioak bilduko baitira. Europako partzuergoan parte hartzen dute Deustuko Unibertsitateak, Bilboko Udalak, Tecnalia eta EuroHelp Consulting erakundeek eta baita ere Italia, Finlandia eta Serbiako erakunde publiko, ikerketa-zentro eta enpresek.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow