Ehunberri: etorkizun baketsu baterako proposamenak

15 December, 2016

Donostia 2016 ekimenak, UPV/EHUk eta Gune Irekiak-ek bultzatu dute ikerlana.

 

Ehunberri, ehundura soziala berregiteko guneak ikerketa-proiektua bi urtez garatu da eta bertan parte hartu dute bakeranzko aldaketarekin konprometitutako euskal gizarteko ehundik gora eragilek. Abenduaren 14an aurkeztu ziren prozesuaren emaitzak, hots, bakea lortzeko orain arte egin diren ekarpenak, elementu kritikoak eta etorkizunerako proposamenak.

 

Azterlanak funtsezko lau eragileren papera aztertzen du: antolakunde eta mugimendu bakezaleena, komunikabideena, UPV/EHUrena eta biktimen erreparazio integralean adituak diren pertsonena. Ikerlana prestatzeko elkarrizketak eta eztabaidak egin dira esparru horiekin lotura duten pertsonekin.

 

Ondorioek diotenez, antolakunde eta mugimendu sozialak izan dira bakerako ekarpen handienak egin dituztenak hamarkada luzez iraun duen gatazkan; “indarkeriak eragindako ondoezaren eta sumindura sozialaren katalizatzaileak izan dira”. Ikerketaren arabera, kolektibo horiek presio soziala egin dute agintari publiko eta politikoengan aurrera egin zezaten bake politiketan, argitara atera dituzte errealitatearen ikuspegi konplexuagoak, eta “goratu egin dituzte indarkeria ezaren eta gizakiaren duintasunarekiko errespetuaren printzipioak”.

 

Bestalde, ikerketan parte hartu dutenek hainbat elementu kritiko nabarmendu dituzte komunikabideei dagokienez. Diotenez, “garatu duten kazetaritza urrun dago bake kazetaritzaren paradigmatik”, eta informatzean nabaria izan da “estuki lotuta daudela ildo editorialak eta interes ekonomiko eta politikoak”. Bestalde, azterlanak ikuspegi kritiko batetik aztertzen du UPV/EHUk jokatu zuen papera ETAk indarkeria behin betiko utzi baino lehen. Ikerketako parte-hartzaileen esanetan, “joera egon da norbere posizioak indartzeko, ikuspegi desberdinak barne hartzen dituzten ikuspegi zabalagoak eta integratzaileak garatu beharrean”.

 

Bukatzeko, Ehunberrik hainbat elementu positibo bildu ditu, eragile sozialek -bakoitzak bere espaziotik- beren aletxoa jar dezaten Euskadin bakea sendotzeko. Antolakunde bakezaleei dagokienez, proposamenek azpimarratu dute potentziala dutela ehun soziala berreraikitzeko, tokiko ingurunean eginiko lan pedagogikoaren eta esku-hartze sozialen bitartez. UPV/EHUk ere paper garrantzitsua jokatzen du gatazka, indarkeria eta bakea hobeto ulertu daitezen; horretarako, parte-hartze espazioak artikulatu beharko lituzke, hala unibertsitate barnean, nola gizarteari begira.

 

Biktimen erreparazio integralari dagokionez, azterlanak dio “lagundu daitekeela bakea eraikitzen besteei eragindako mina esplizituki eta zintzotasunez aitortuz”. Horrez gain, proposatzen da jabekuntzan (ez asistentzialismoan) oinarritutako biktima-politikak bultzatzea eta justizia konpontzaileko ekimenak garatzea zigor-justiziaren osagarri gisa.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow