Eginzaleak! 2016: birnahasketa kolektiboko azoka

1 December, 2016

Tabakalerak Teknologi eta Fabrikazio Hiritarraren Astearen edizio berri bat antolatu du.

 

Hirikilabs laborategiak sei egunez ostatatuko du Eginzaleak!, teknologia sortzaileen potentziala ezagutarazteko jarduera-egitaraua. Laugarren edizio honetan, jardunaldiak ardatz honen inguruan egituratuko dira: diziplina, teknika, tresna eta ezagutzen arteko birnahasketa, beti ere abiapuntutzat harturik teknologien bidezko jabekuntza hiritarra.

 

Eginzaleak! egitarauak bere baitan hartzen ditu tailerrak, erakusketak eta proiektu aurkezpenak, publiko guztiengana hurbiltzeko software eta hardware librearen, fabrikazio digitalaren eta diseinuaren mundua. Asmoa da ezagutzera ematea tresna digitalen erabilpen hiritarraren atzean dagoen filosofia, zeinak lotura estua baitu kode irekiarekin, sorkuntza kolektiboarekin eta ezagutza truke horizontalarekin.

 

Teknologia eta Fabrikazio Hiritarraren Astearen barnean egingo den jardueretako bat Remix it! tailerra da, non diseinua baliatuko baita ingurunean inpaktua sortzeko tresna kritiko gisa. Sevillako “La Residencia Creación Colectiva” estudioaren laguntzarekin, parte-hartzaileek aukera izango dute metodologia kolaboratiboak ezagutzeko, eta hackeatzeko edo objektuak liberatzeko tresnak erabiltzen ikasteko.

 

Abenduaren 13tik (asteartea) 16ra (ostirala), Hirikilabs-ek altzariak diseinatzeko prozesu irekiari buruzko erakusketa bat ostatatuko du. Erakusketa horretan ikusgai egongo dira laborategi hiritarrak altzarien fabrikazio-linearen barruan egin dituen lan eta prozesuak, ziklo berri bat garatu baitu aurten Arquimaña-rekin batera. Tabakalerako Bitartekaritza eremuak ere jorratu du esparru hori, Espacio 06 proiektuaren bidez eta M-Etxea erakundearekin lankidetzan.

 

Abenduaren 17an Eginzaleak Azoka egingo da, eta bertan erakutsiko dira hiritarrek, maker-ek eta artisau berriek Hirikilabs laborategian garatutako sorkuntza berriak. Egun horretan bertan familientzako txoko bat ere antolatuko da neska-mutilentzako sormen tailerrekin, non proiektu teknologiko propioak garatu ahal izango baitituzte material eta teknika sinpleetatik abiatuta.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow