“Testuinguru sozialago baterantz zuzendu behar ditugu berrikuntza-sistemak”

28 February, 2017

Ibon Zugastik SIX Wayfinder jardunaldian azaldu zituen zeintzuk diren berrikuntza sozialaren erronkak Euskadin.

 

Prospektiker-en zuzendariak eta LKSko nazioarteko proiektuen arduradunak hizlari bezala parte hartu zuen SIX Wayfinder topaketan. SIX Wayfinder jardunaldiek -Londresen egin zirenak otsailaren 16tik 17ra- helburutzat dute berrikuntza sozialaren etorkizuna esploratzea. Euskadiren erronka da Laugarren Iraultza Industrialaren inpaktuari erantzutea lan munduan eta ekintzailetza-eredu berriak bultzatzea.

 

SIX Wayfinder jardunaldian aztergai izan ziren berrikuntza sozialaren hurrengo hamarkadako erronkak, zeintzuk dira?

 

Asko dira, baina garrantzitsuenetako bat da Laugarren Iraultza Industriala eta horrek berekin dakarren aldaketa teknologikoa, eta baita ere zer egin dezakegun berrikuntza-sistemak testuinguru sozialago baterantz bideratzeko. Orobat garrantzitsua da ikuspegi sistemikoa bilatzea, zeren ekimen interesgarri asko daude, baina eraldaketa bultzatzeko ezinbestekoa da inpaktua sortuko duten ekosistemak sortzea lurralde mailan.

 

Eta zer erronka ditu Euskadik?

 

Prospektiker-en eta Millenium Project-en Laugarren Iraultza Industrialaren esparruan kokatzen dugu berrikuntza soziala, kontuan hartu behar dugularik iraultza berri horrek goitik behera aldatuko duela lanaren eta teknologiaren etorkizuna. Maila globalean taxutu dugun etorkizuneko eszenatokiak -Euskadiri ere eragingo diona- erakusten digu, ezen, ezer egiten ez badugu, etorkizunean zaila izango dela lan-eskua ordezkatzea. Bestalde, Euskadik badu bereizgarri bat, zahartze demokratikoko prozesu azkartu batean murgilduta gaudelako, non biztanleria aktiboa gero eta murritzagoa baita, eta horrek aurreko arazoa neutralizatzen du neurri batean. Baina ezin gara lokartu, badagoelako halako desoreka bat lan-merkatuan, izan ere, alde batetik, lanpostu batzuk ezin bete daitezke euren profil bereziengatik eta, beste alde batetik, jende asko dago lanik aurkitzen ez duena.

 

Nola konpondu arazo hori?

 

Estrategia oso proaktiboekin eta bizitza osoan zeharreko prestakuntzaren alde eginez. Orobat aldatu behar dugu ekintzailetzaren ikuspegia, zeren 2040an kontua ez baita izango lanpostu bat bilatzea, baizik eta geure lana sortzea, balioan jarriz gure gaitasun bereizgarriak. Ekintzailetzaren estrategia ezin da mugatu ekintzaileei laguntzera, helburua baita ekintzailetzaren kultura txertatzea gizartean.

 

Zure hitzaldian Mondragonen kasua jarri zenuen berrikuntza sozialaren adibide bezala.

 

Mondragon bezalako ekosistema batetik abiatu nintzen berrikuntza sozialaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz mintzatzeko eta azaldu nahi izan nuen eredu inperfektu bat dela, etengabe berritu eta egokitu beharra dagoena. Etorkizunari begira, ahaleginak bikoiztu behar dira berrikuntzaren eta ekintzailetzaren esparruan, elkarlankidetzako eskema berriak sortuz berrikuntzarentzat erronka teknologikoari aurre egiteko. Mondragonen kasuan, apustu argi bat dago M4 Future ereduaren bidez eta Saiolan, Gaztempresa eta Berrikuntza Factory bezalako ekintzailetzako proiektuen bidez.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow