D Week-ek diseinua, teknologiak, artea eta mundu digitala uztartzen ditu

8 November, 2016

Bilbon egingo da diseinuaren astea azaroaren 17tik 30era.

 

Kulturaren eta sorkuntzaren industriak garapen ekonomikoaren eta eraldaketa sozialaren motor gisa, ardatz horrexen inguruan egituratuko da Bilbao Bizkaia Design Week, datozen bi asteetan hiria ekitaldiz beteko duen egitaraua. Bilbao Bizkaia Design Council erakundeak bultzatu du ekimena, eta 40 ekitaldi baino gehiago antolatuko dira sorkuntza arloko 10 sektoreren inguruan: arkitektura, artea, artisautza, ikus-entzunezkoak, komunikazioa, eduki digitalak, diseinua, barneko diseinua, moda eta bideojokoak.

 

D Week ekitaldiaren barnean era guztietako ekitaldiak egingo dira: hitzaldiak eta topaketa profesionalak, publiko orokorrari irekitako jaialdiak, proiekzioak, tailerrak eta erakusketak. Diseinu astearen helburua da ikusgarritasuna ematea Bizkaian abian dauden enpresa eta proiektuei, diziplina arteko konexioak sortzea, eta kultura eta sorkuntza industrietako joera berriak ezagutaraztea.

 

Diseinuaren esparruan antolatuko diren ekitaldien artean aipatzekoa da Industries & Design, diseinuak sektore industrialaren eraldaketan duen papera aztertzeko topaketa, eta baita ere Selected Europe ekitaldia, zeinaren 7. edizioan ikusizko kultura izango baita protagonista mahai-inguru eta hitzaldi zenbaitekin. Bestalde, Design Faktoria ekitaldian etorkizuneko profesionalen talentua erakutsiko da, Mondragon Unibertsitateko ikasleek sortutako proiektuen erakusketa baten bidez.

 

Sorkuntza teknologiek garrantzi handia izango dute Design Week astearen aurtengo edizioan. Azaroaren 24an, Tecnaliak jardunaldi bat antolatuko du azaltzeko nolako potentziala dagoen teknologi zentroen eta kultura arloko enpresen arteko lankidetzan; azaroaren 29an, berriz, moda sektoreko berrikuntza teknologikoari buruzko FashTech Conference ekitaldia egingo da. Horrez gain, hilaren 18tik 20ra Bilbao Maker Faire antolatuko da, Zorrozaurreko Artiach Fabrika Zaharrean kokatutako sorkuntza teknologien azoka.

 

Hiriko berrikuntza sozialak ere izango du bere txokoa, kulturak hiriko eraldaketan duen paperari buruzko Urbanbat jaialdiarekin eta UmHerri komunitatearekin. Azken horren eskutik, Francesco Tonucci-ren hitzaldi bat (Haurren Hiria proiektuaren sortzailea) eta hirigintza eta haurtzaroari buruzko tailerrak antolatuko dira azaroaren 17an eta 18an.

 

Bideojokoen arloan, sorkuntza independenteei buruzko AzPlay ekitaldia eta Fun & Serious Game jaialdia (Europa hegoaldeko bideojokoei buruzko ekitaldi garrantzitsuena) egingo dira. Sorkuntzaren sektoreko enpresen nazioartekotzeari dagokionez, Be Glocal workshop-a (Enterprise Europe Network) eta “Komunikazioa, nazioartekotzeko plataforma” jardunaldia egingo dira.

 

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak elkarrekin antolatzen dute Bilbao Bizkaia Design Council ekimena, eta helburutzat du sorkuntza industriak sustatzea lurraldearen garapenerako eta nazioarteko proiekziorako motor gisa.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow