CIC nanoGUNEren berrikuntza proiektu batek Europako laguntza jaso du

8 March, 2017

Euskal zentroak gailu elektonikoetako aplikazioetarako neurketa-prototipo bat garatu eta merkaturatuko du

 

CIC nanoGUNE euskal ikerketa-zentroaren berrikuntza proiektu batek Europako Batzordearen finantzazioa lortu du, industriarako teknologia-transferentzia erraztu eta Europako Ikerketa Kontseiluak aurretik finantzatutako proiektuetan jorratutako ideak merkaturatzea xede duen ERC Proof of Concept delako programaren bitartez.

 

Euskal zentroko nanogailuetako taldea buru duen FAST TestOm izeneko proiektu honek 150.000 euroko dirulaguntza jasoko du Europako Ikerketa Kontseiluaren bitartez (ERC, ingelesezko siglen arabera).

 

Molekula organikoek aplikazio elektronikoetarako eskaintzen duten potentzialtasuna neurtzeko prototipo bat garatu eta merkaturatzea da CIC nanoGUNEren zeregina. Euskal zentroak ohar baten bidez argitu duenez, ekipo horri esker, LED pantailen ekoizleek era erraz, azkar eta merkean neurtu ahal izango dute hainbat molekula organikok argia emititzen duten portaera.

 

Gaur egun, zenbait telefono mugikorretako pantailak OLEDekoak dira. Egitura mota honek, tentsio elektrikoaren arabera erreakzionatu eta argia sortu edo emititzen duten osagai organikoen mintz elektroluminiszente bat du oinarri.

 

Europako Batzordearen laguntzak neurketa-prototipoa garatzeko lanak erraztuko ditu. Zentroan lanean diharduen Luis Hueso ikertzailearen esanetan, ekipo horren laguntzaz, askoz ere errazagoa eta merkeagoa izango da jakitea zein molekula organikok edo polimerok ematen duen argi gehien, zeinek behar duen energia gutxien edota zeinek duen iraupenik luzeena, gailu komertzialen ekoizpen-kateari begi-bistako onurak ekarriz.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow