Bilboko adimen kolektiboen katalogoa

30 September, 2016

IC Az Bilbo Commons proiektuak ekimen eta konponbide hiritarrak mapeatu ditu.

 

Inteligencias Colectivas/Zoohaus, jardunbide eta ezagutza konstruktibo informalak jasotzen dituen onlineko plataforma, ikerketa bat egiten ari da Bilbon dauden ezagutza informal konstruktiboei buruz. Proiektu hori Azkuna Zentroko Amphitryon egoitza artistikoen programaren barruan kokatzen da. Prozesu horren bidez hiritarrek sortutako ekimen eta konponbide konstruktibo informalak identifikatuko dira, ezagutza horiek balioan jartzeko. Mapeo hori erreferentzia puntu bat izango da ikerketaren bigarren zatian, non elkarlanean eraikiko baitute azpiegitura fisiko bat Azkuna Zentroko espazio publikorako.

 

Inteligencias Colectivas/Zoohaus lantaldeak bi katalogo egin ditu: batean, hiriko ekimen auto-antolatuak biltzen ditu, eta bestean, Bilboko kaleetan detektatutako konponbide konstruktiboak. Biak hala biak deskargatzeko moduan daude proiektuaren atarian. Lehenengoan 18 ekimen jaso dira, besteak beste, hauek: Espazioak Trukatzeko Sarea, Bilbo Zaharreko elkarte eta kolektiboen artean baliabideak aprobetxatzeko sortu dena; Desazkundea kolektiboa; Bizit txartela, Santutxuko kolektibo batek sortua, auzoko kirol klubak suspertzeko auzotarren eta saltokien arteko lankidetzaren bidez; edo 770Off Bilbao jaialdia, zeinak kultur formatu parte-hartzaileagoak proposatzen baititu.

 

Bestalde, IC AZ Bilbo Commons ekimenak sortutako konponbide konstruktibo eta urbanoen katalogoak 30 adimen detektatu ditu Bilboko zortzi barrutitan. Konponbide horien artean auto-eraikuntzako hainbat proiektu daude: Masustegiko auzotarrek sortutako ur sare publikoa; Zorrozaurren skate pista bihurtutako Gure Txoko nabe industrial zaharra; material berrerabiliekin eraikitako instrumentu musikalak (Tunipanea); edo azpi-estazio elektriko bihurtutako bizikleta zahar bat, Gorka Peña ingeniariak Zawp espazioan sortua.

 

Ikerketa horretatik, eta ekainean Azkuna Zentroan antolatutako ko-diseinuko saioetatik abiatuta, datorren urrian tailer bat egingo da, kultur ekintza hiritarrak hartuko dituen azpiegitura fisiko bat kolektiboki eraikitzeko. Asmoa da espazio estali eta mugikor bat sortzea, espazio publikoan egingo diren topaketa eta jarduera kolektiboak ostatatzeko, beste edonon erreplikatzeko moduko diseinu batekin.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow