BTEKanp, Kanpamentu Teknologikoa egingo da Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean pazko astean

4 March, 2013

– 9 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta, tailer desberdinek eta enpresetara bisitek osatuko dute egitaraua.
– Gazteengan zientzia eta teknologiarekiko jakinmina sorraraztea du helburu kanpamentuak, parkeko enpresetan egiten den lana ezagutzera ematearekin batera.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak BTEKanp, Kanpamentu Teknologikoak antolatu ditu Pazko Asterako. 9 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako kanpamentuak BTEK, Teknologiaren Interpretazio Zentroan egingo dira, apirilaren 2, 3, 4 eta 5ean, 09:00tatik 18:00tara.

Gazteengan zientzia eta teknologiarekiko jakinmina piztea helburu izanik, zientzia eta teknologiarekin lotutako gaiek osatzen dute lau egunotako egitaraua, alde batetik BTEKen bertan egingo diren tailerren bidez eta bestetik enpresetara egingo diren bisitekin.

Tailerrei dagokienean, Hidrogenoa eta energia berriztagarriei buruzkoa izango da tailerretako bat. Energia berriztagarriak aztertu eta hauetan oinarritutako kit praktiko desberdin eta multimediak erabiliz, hidrogeno bidez energia gordetzeko metodologia erakutsiko da bertan.

Robotika tailerrean berriz, bideo, jolas eta Lego Mindstorm robot bat programatuz, NXT software bisualaren bidez, robotikako oinarriak aztertuko dira, modu praktiko baten: sarrerak (sentsoreak), irteerak eta informazioaren prozesua.

Zuhaitzak eta errekak tailerraren edukia naturarekin lotuta dago erabat, bereziki Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea inguratzen duen ingurua. Alde batetik Euskadiko zuhaitzen identifikazio genetikoa egingo da, DNA sekuentzia eta polena erabiliz. Esperimentu honekin hainbat zuhaitz-espezieren izenak zehaztu ahal izango dituzte gazteek, baita bertokoak edo inbaditzailek diren ere, euren ezaugarri morfologikoak zein DNA kontutan hartuz. Bestalde, BTEKen ondotik doan erreka ere aztertuko dute, laginak bildu eta ingurumen-egoera ikusiz.

Scratch tailerra baliogarri izango dute gazteek informatika-aplikazio hau gertutik ezagutzeko; interfaze grafiko sinple baten erabileraren bidez ordenagailuen programazioaren kontzeptuak esporatzea eta saiakerak egiteko gaitasuna ematen du aplikazio honek.

BTEK eraikinaren barruan egingo diren tailerrez gain, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean kokatutako zenbait enpresa bisitatuko dituzte gazteek, bertan egiten duten lana hurbiletik ikusi eta erabiltzen dituzten teknologia berriak ezagutzeko.

Kanpamentuei buruzko informazioa eta izena emateko zehaztasunak www.parque-tecnologico.net gunean argitaratuta daude

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow