Bizkaiak Lurralde Lagunkoi bihurtu nahi du Pertsona Nagusientzat

4 October, 2016

Irailaren 30ean egin zen “Bizkaia, adin guztientzako lurraldea” topaketa.

 

Aurreikuspenen arabera, 2060an biztanleriaren %30 inguruk 65 urtetik gora izango ditu, eta bizi-itxaropena 83 urte ingurukoa izango da. Datu horiek arrakasta bat dira sozialki, kontua ez baita bakarrik bizitako urte kopurua luzeagoa dela, baizik eta urte horien kalitatea ere hobea dela, hobekuntza horren barruan hainbat alderdi sartzen direlarik: hala nola, norbere autonomia, gizarteko parte hartzea eta zahartze aktiboa.

 

Pertsona Nagusientzako Hiri Lagunkoiak proiektua 2005ean jarri zen martxan, Osasunaren Munduko Erakundeak bultzaturik. Ekimen horren helburu nagusia da “osasun, parte-hartze eta segurtasun arloetako aukerak optimizatzea, zahartu ahala bizi-kalitatea hobetzeko”. Prozesu horren barruan plan transbertsal bat egin da, zeinaren bidez udalerriek hobekuntzak egiten baitituzte esparru desberdinetan: garraioan, aire libreko guneetan, gizarte eta osasun zerbitzuetan, etxebizitzan eta gizarteratzean. Estrategia diseinatzeko prozesuan ezinbestekoa izan da pertsona nagusien parte-hartze aktiboa.

 

Bizkaia nazioarteko ekimen horretako partaide da, eta estrategia bat dauka martxan Pertsona Nagusientzako Lurralde Lagunkoi bihurtzeko. Irailaren 30ean “Bizkaia, adin guztientzako lurraldea” jardunaldia egin zen Bilbon, proiektuarekin lotutako aurrerapen eta erronkak ezagutarazteko. Horrelako planak bultzatu dituzten hiru udalerrik parte hartu zuten topaketan: Bilbok, Durangok eta Getxok.

 

Jardunaldi horretan aurkeztu zen Pertsona Nagusientzako Hiri Lagunkoiak proiektua ezartzeko eskuliburua, Deustuko Unibertsitateko Ageing Research lantaldeak egin duen gidaliburua, zeinaren bidez tresnak eskainiko baitzaizkie ekimenarekin bat egin nahi duten udalerriei. Topaketan orobat aurkeztu zen Nagusiak-ek (Bizkaiko erretiratu eta pentsiodunen elkarteak biltzen dituen erakundeak) egindako lan handia. Erakunde hori lanean ari da Bizkaiko Pertsona Nagusien Kontseiluarekin, estrategia bat garatzeko eta Lurralde Historikoko udalerri guztietara hedatzeko.

 

Plan horren baitan, Bizkaiko Foru Aldundiak diru-laguntzak banatzeko lehen deialdi publikoa egin zuen martxoan, diru-laguntza horien bidez babesa emateko Bizkaia adin guztientzako lurralde bihurtzen lagunduko duten tokian tokiko proiektuei.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow