Birika ekimenak nekazaritza sartu nahi du hirian

1 February, 2017

Proiektu horrek permakultura aplikatzen du hiri-baratzeak sortzeko.

 

Jurgi Uriarte, Iñigo Rodilla eta Juan Ignacio Cueva dira Birika Permakultura proiektuaren atzean dauden ekintzaileak, eta proiektu honen bidez helburutzat dute hiritarrak nekazaritzarekin birkonektatzea. Horretarako, Birika proiektuko lantaldeak hiri-baratzeak diseinatzen eta eraikitzen ditu, eta tailerrak egiten ditu, batez ere, ikastetxeetan. Gainera, edukiak zabaltzen dituzte sare sozialen bidez, nahi duenak bere baratzea sor dezan.

 

Ekimena ideia komun batetik sortu zen: “nekazaritzak hirien barruan sartu behar du, kontsumitzaile ez ezik, ekoizle ere izan daitezen” azaldu du Jurgi Uriartek. “Gure ustez, gizartea desnaturalizatu egin da nolabait, pentsatzen dugu tomateak zerutik erortzen direla, ez baitakigu 180 egun behar dituztela heltzeko; horregatik, eskala txikiko alternatibak bultzatu nahi ditugu, kontzientzia aldaketa bat eragiteko”.

 

Birika ekimenak permakulturaren printzipioak ditu oinarritzat. Permakultura hazkuntza-sistemak baliabideen erabilpen arduratsua defendatzen du, naturan dauden elkarren mendeko sistema konplexuak errespetatuz, eta akuaponia teknikak ere aplikatzen ditu, uretako landareen hazkuntza eta arrain-hazkuntza uztartzen dituzten ekosistema txikiekin. “Ulertarazi nahi dugu naturaren parte garela, eta hazkuntzaren balioa berreskuratu nahi dugu” esan du Jurgi Uriartek.

 

Lantaldea enpresa bihurtu zen iaz, eta dagoeneko hainbat proiektu gauzatu dituzte. Hiri-baratzeen diseinuari dagokionez, joan den martxoan gauzatu zuten oihartzun handiena izan duen proiektuetako bat: hazkuntza-sistema bat eraiki zuten BIC-Ezkerraldea zentroaren teilatuan. Euskadiko hainbat ikastetxetan eginiko tailerrez gain, Gante eta Newcastle hirietan izan dira permakulturari eta akuaponiari buruzko ikastaroak ematen. Orain 4 hilabeteko tailer bat diseinatzen ari dira UPV/EHUk Gasteizen duen campuseko ikasleentzat, hango lursail bat hiri-baratze kolektibo bihurtu dezaten.

 

Birika proiektuko kideen arabera, hezkuntza funtsezkoa da txipa aldatzeko. “Ikasgelan babarrun bat erein eta hura hazi zain egotea baino askoz gauza gehiago egin daitezke” dio Jurgik, “sistema akuaponiko bat sor daiteke elkarri laguntzen dioten landare eta arrainekin edo basoen geruzak sortzen dituzten landare-multzo bat eraiki”.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow