Bilbok Arkitekturaren 1. Astea antolatuko du

21 September, 2016

Ekitaldiaren helburua da hirigintza hurbiltzea publiko orokorrari.

 

Irailaren 30etik urriaren 11ra, Arkitekturaren I. Astea egingo da Bilbon, hiritarren artean hirigintzarekiko interesa pizteko, eta arkitekturaren ikuspegi kritikoagoa eta parte-hartzaileagoa sustatzeko. Ekitaldi hori urriko lehen astelehenean urtero ospatzen diren Arkitekturaren Munduko Egunarekin eta Habitataren Egunarekin batera egingo da.

 

“Arkupe” elkarteak bultzatu du Arkitekturaren Astea. “Arkupe” arkitekturaren eta kultur kudeaketaren munduko gaztez osaturik dago eta bere helburu nagusia da arkitektura publiko zabalago batengana eramatea. Arkupe elkarteko fundatzaileetako bat den Ane Arce arkitektoak esan bezala, “ikusi genuen ez zegoela ekitaldirik zirkulu zabalago batean arkitektura sustatzeko”, “herritarrak kontzientziatu nahi ditugu, arkitekturaren parte sentitu daitezen; beren interesa piztu nahi dugu, arkitekturaz goza dezaten”.

 

Ekitaldien egitaraua irailaren 30ean hasiko da mahai-inguru batekin, non hizpide hartuko baita eraikin ezagunez eta irudi turistikoaz haragoko Bilboren ikuspegia. Hainbat arlotako (arkitektura, hiriko berrikuntza, antropologia, Arte Ederrak…) adituek parte hartuko dute hitzaldian, gogoeta egiteko “Bilbo marka” hiriaren atzean ezkutatzen diren beste errealitate batzuei buruz eta, bide horretatik, posible egiteko etorkizun integratzaileago bat eraikitzea.

 

Jardunaldien barruan oso garrantzitsuak izango dira Bilbo inguruko mendietara egingo diren bisita gidatuak, ibilbideak egingo direlarik Bilboko auzo eta paisaia ezezagunenak ezagutzeko. Ibilbide horiek hainbat tokitatik igaroko dira, besteak beste, hauetatik: Lezamako Bide Zaharra, Deustuko goiko auzoak eta Kobetamendiko herrixka auto-eraikiak. “Bilbo ez da hiri-gunea bakarrik, eta aldarrikatu nahi izan dugu, hiri-guneaz gain, badirela hiriaren goialdeko beste paisaia eta ikuspuntu batzuk ere” azaldu du Ane Arcek.

 

Egitarauaren barruan bi dokumental proiektatuko dira: Iskandar Rementeriaren Proyecto no concluido para la Alhóndiga de Bilbao, una propuesta sobre la estética objetiva de Jorge Oteiza, eta Sydney Pollacken Apuntes de Frank Gehry filma. Haurrentzako tailer bat eta fanzineak sortzeko jardunaldi bat ere egingo dira.

 

Arkitekturaren Astea 2016ko Ideiak Martxan lehiaketako proposamen irabazleetako bat da, eta lehiaketa hori Bilboko Udalak antolatzen du gazteek bultzatutako ekimen sortzaileei laguntzeko. Arkitekturaren Astea Arkupe elkarteak (Ane Arce Urtiaga, Iñigo Berasategui Orrantia, Iñigo Basarrate Gonzalez eta Martín Echeverria Larrañaga gazteek osatua) bultzatzen du eta BilbaoArte erakundearen babesa du.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow