“Bilbao Maker Faire” proiektu txundigarrienen bila

29 September, 2016

Azokak “Call for makers” bat ireki du 2016ko ediziorako.

 

Badakigu noiz izango den hurrengo Bilbao Maker Faire ekitaldia, sorkuntza teknologiei, berrikuntza irekiari, open source eta Do It Together filosofiari eskainitako azoka. Azaroaren 18tik 20rako asteburuan egingo da Artiach gaileta fabrika zaharrean, Zorrozaurre auzoan, eta aurreko urteetan bezala, Estatuko eta nazioarteko teknologoak, enpresak, ikasleak eta maker kolektiboak elkartuko dira, beren sorkuntza berritzaileenak erakusteko.

 

Antolatzaileek ireki dute proposamenak aurkezteko epea. Askotariko profilei zuzendua dago –hasi ekintzaileetatik eta artisau, artista, diseinatzaile nahiz antolakundeetara-, eta teknologien erabilpen sortzailean oinarritutako proiektuak ezagutzera ematea du helburu. “Call for makers” deialdia ere hainbat esparrutara zuzenduta dago: besteak beste, robotika arloko edo Arduino-n oinarritutako proiektuak, e-oihalak, bideojokoak, bio-teknologia eta artisautza digital edo teknologia sozialeko ekimenak, denak ere azokan ikusgai egongo direnak.

 

Deialdia bereizik zuzendurik dago beren sorkuntzak jendaurrean aurkeztu nahi dituztenei, eta baita ere tailerrak eman nahi dituzten pertsona eta antolakundeei edo azokan beste moduren batean parte hartu nahi dutenei. Aurtengo edizioak garrantzi handia emango die ekonomia zirkularrari eta ingurumenaren sostengarritasunean oinarrituta ekoizteko eta kontsumitzeko modu berriei.

 

Bilbao Maker Faire ekitaldiak katalizatzaile izan nahi du maker kulturaren potentziala Europa hegoaldean zabaltzeko”, azaldu du Karim Asry-k, Open Espazioko ekitaldiaren antolatzaileetako batek, “fenomeno kultural horrek lotura estua du berrikuntza irekiarekin, eta bidea ireki du ezagutza transferitzeko erakunde tradizionaletatik harago, onlineko komunitate berrien eta komunitate presentzial horizontalen bitartez”. Karim Asry-ren esanetan, tresna eta ezagutza teknologikoen demokratizazio horrek berekin ekarri ditu laneko espazio berriak –makerspaces deiturikoak-, lan aukera berriak, eta hezkuntza, gizarte nahiz enpresa arloetarako konponbide berriak.

 

Bilbao Maker Faire azoka Open Espazioak antolatzen du Bilbao Ekintza, BEAZ eta BBK erakundeen laguntzarekin. 2015eko edizioan 9.000tik gora lagun igaro ziren azokatik, eta 102 proiektu izan ziren ikusgai, horietatik 16 nazioartekoak. 15 hitzaldi eskaini ziren, eta profil anitzeko 500 lagun baino gehiagok parte hartu zuten asteburuan zehar antolatu ziren tailerretan.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow