“Bilbao Cities & Economy” ekimenak hirien potentziala aztertuko du

2 November, 2016

Azaroaren 21tik 22ra egingo da topaketaren lehen edizioa.

 

Hirien papera etengabe aldatzen ari da, eta negozio, ekintzailetza, nahiz berrikuntza aukerak sortzen dituzten zentro bihurtu dira. Bilbao Cities & Economy Forum topaketaren helburua da hirien eraldaketaren eta garapen ekonomiko eta sozialaren arteko harremanak aztertzea, arlo publikoko, enpresetako nahiz mundu akademikoko aditu ugari etorriko direlarik ekitaldira.

 

Bi egunez, hainbat gai jorratuko dira: hiriek negozio ideia berriak bultzatzean betetzen duten papera, energiaren erronka hiriko ingurunean edota hiriek garapen ekonomikoan, sozialean eta ingurumenaren garapenean duten zeregina. Era berean, topaketaren ardatz izango dira hiri ingurunean garatzen den eraldaketa digitala, hirietako kapitala, eta lankidetza publiko-pribatuak garapenaren bultzatzaile gisa.

 

Hirigintza, teknologia digital, hiriko berrikuntza eta ekintzailetza arloetako hogeitik gora arduradun publikok eta nazioarteko ospea duten profesional eta adituk hizlari bezala parte hartuko dute jardunaldietan. Asmoa da hitzaldi eta mahai-inguruetara biltzea bai ikuspegi teorikoak eta akademikoak, eta bai hiriarekin lotutako enpresa eta agenteek izandako esperientzia praktikoak.

 

“Bilbao Cities & Economy Forum” topaketaren lehen edizioa da hau, eta Bilboko Udalak eta Bilbao Ekintzak antolatu dute. Ekitaldia Euskalduna Jauregian egingo da, eta hitzaldiak ingelesez izango dira, aldibereko itzulpenarekin. Izena emateko epea zabalik dago topaketaren atarian.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow