Industriaren digitalizazioa egia bihurtzeko azken teknologia eta metodologiak

14 November, 2017

Digitalizazio prozesuen aldeko apustuari heldu dioten 40tik gora enpresak parte hartu dute “Gure lantegien digitalizazioaren benetako aplikazioa” jardunaldian. Digital Enterprise eta Virtualware enpresek antolatu dute jardunaldi hori Bilbon, BasqueGame Lab laborategian, Deustuko Unibertsitatearen eta SPRI, Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren laguntzaz.

SPRIko zuzendari nagusi Alex Arriolak inauguratu duen hitzorduak elkarrekin bildu ditu sektoreko hainbat aditu eta enpresa. Aditu eta enpresa horiek azaldu dute nola eskura dugun teknologiak lagundu dezakeen enpresa industrialen produktibitatea hobetzen eta nola, teknologiaz gain, “beharrezkoa den prestakuntza izatea enpresan eta enpresako antolakuntza aldatzea, produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzeko”.

 

Arriolaren hitzei jarraiki, Carlos Bayonak (Digital Enterprise enpresako zuzendari exekutiboak), Iago Rodiciok (Parsec Automation Corp. enpresako Europarako eskualde zuzendariak) eta David Morenok (Virtualware enpresako negozioen garapeneko zuzendariak) hainbat gai jorratu dituzte, besteak beste, digitalizazioaren arrakastarako giltzak, hornikuntza-katearen plangintzan duen aplikazio zehatza, digitalizazioak enpresan eragingo duen itzuleraren kuantifikazioa, operazioen digitalizazioa, teknologia birtualen benetako onurak eta enpresa industrialak aro digitalean dituen erronkak.

Alderdi praktikoan benetako kasuak azaldu dira, hau da, digitalizazioaren arloko eta 4.0 Industriaren erabilerako kasu arrakastatsuak. Hala, Iñigo Zaratek (Lointek enpresako sistema zuzendariak) benetako digitalizazio industriala izan du hizpide eta azaldu du nola egin zen bere fabrikako digitalizazio plana eta nola ari diren plan hori ezartzen. Bestalde, Imanol Iparraguirrek (Elay enpresako 4.0 koordinatzaileak) aipatu duenez, “urruneko laguntzako teknologiari esker Antzuolatik egin dezakegu Txinan eta Amerikan dauzkagun lantegien mantenimendua”.

Gainera, bertaratutako enpresek aukera izan dute hitzaldietan eta kasu errealetan aipatutako teknologia guztiak erabiltzeko laborategi teknologikoan. Ondoko hauek probatu dituzte:

  • Produkzioaren kudeaketarako sistema (MES) eta MES sistemarekin konektatutako birsorkuntza birtuala, Izar Cutting tools enpresan erabiltzen direnak.
  • ELAY enpresak erabiltzen duen mantenimenduaren kudeaketarako sistema eta urruneko mantenimendurako App-a (App hori orobat erabil daiteke bezeroei zerbitzua emateko).
  • IK4 Azterlan zentroan erabiltzen den produkzioa monitorizatzeko sistema.
  • Lointek enpresan erabiltzen den produkzioaren plangintza sistema.
  • Fuchosa enpresan piezak ikuskatzeko erabiltzen den simulagailu murgiltzailea.

 

Digital Enterprise

Digital Enterprise digitalizazioaren arloko aholkularitza bat da, enpresa fabrikatzaileen produktibitate eta lehiakortasunaren hobekuntzan espezializatua dagoena, eta hobekuntza hori lortzen du enpresaren erabateko edo zatikako digitalizazio proiektuen bitartez eta bere benetako beharrak eta heldutasun-maila aztertuta. Lantalde profesional hauta bat du eta metodologia propioa, 20tik gora urtetan metatutako esperientziaren fruitua. Horri esker bezero industrialei laguntzen die beren errealitateari egokitutako digitalizazio plana definitu eta ezartzen eta, bide horretatik, negozioaren helburuak lortzen.

http://www.digitalenterprise.es

 

Virtualware

Virtualware enpresa teknologiko bat da, teknologia murgiltzaile eta interaktiboetan oinarritutako eta neurrira eginiko produktu eta konponbideak garatzen dituena. Konpainia hainbat aplikazio-sektoretara zuzentzen da, eta balio erantsi handiko konponbideak eskaintzen ditu Espainian, Erresuma Batuan, Mexikon, Txilen eta Kolonbian dituen bulegoetatik eta nazioarteko partner sarearen bitartez.

http://www.virtualwaregroup.com

 

DIGITAL ENTERPRISE VIRTUALWARE