Fabrikazio aurreratuak enplegua, aberastasuna eta ongizatea sortuko ditu Euskadin.

21 October, 2013

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantza Tapiak eta SPRI Taldeko zuzendari nagusi Alexander Arriolak ezagutzera eman dituzte zeintzuk diren espezializazio adimenduneko eta fabrikazio aurreratuko Euskadiko estrategiak, biak hala biak ezinbesteko urratsak baitira epe ertainera enplegua eta ongizatea sortuko dituen eraldaketa produktiboa lortzeko. Arantza Tapiak eta Alexander Arriolak jardunaldi batean parte hartu zuten enpresa eta teknologia arloetako eragileekin.

 

Arantza Tapiak esan zuen fabrikazio aurreratuko estrategia “ez dela kapritxo bat”, baizik eta gogoeta sakon bat, ezagutza, kudeaketa, esperientzia eta abangoardiako teknologia integratzera eraman behar gaituena. “Horri esker industri arloko balio erantsi handiko produktuak, produkzio prozesuak eta zerbitzuak ekoitziko ditugu, aberastasuna eta enplegua sortzeko potentziala izango dutenak”.

Eskualdeetako gobernu askok mimetikoki inbertitzen dute zientzia, teknologia eta berrikuntzako zenbait eremutan, kontuan hartu gabe testuinguru espezifiko bakoitzaren aniztasuna. Eta, hain zuzen, horri aurre egiteko sortu zen Europako Batzordearen RIS3 estrategia. Hortaz, eskualde mailako estrategia “adimendunak” sortu behar dira baliabideak eta inbertsioak espezializatzeko –edo are hobeto, kontzentratzeko- potentzialtasun handia dagoen eremuetan, beti ere eskualde bakoitzeko produkzio gaitasunen arabera.

“Gure RIS3 estrategiak -esan du Arriolak- gure produkzio sistemaren eta gizartearen eraldaketa premia berriei erantzun behar die. Asmoa da Euskadiko eragile desberdinak barne hartzea, bakoitzak bere papera beteko duelarik, baina helburu berbera izanik: nork bere lan esparrutik bere ekarpena egitea RIS3 garatu eta Euskadiko produkzio sistema eraldatzeko eta, bide horretatik, epe ertain-luzera enplegua eta ongizatea lortzeko”.

Hala, euskal ekonomia dibertsifikatzea helburu duen estrategia esplizitu bat ezarriko da, zeinak oinarritzat hartuko baititu funtsezko hiru teknologia bideratzaile (biozientziak, nanozientziak eta fabrikazio aurreratua) eta lehentasunezko bost merkatu (garraioa eta mugikortasuna, mundu digitala, zientziaren industria, zahartzea eta osasuna eta energia).

Euskadiko Fabrikazio Aurreratuko estrategia

Fabrikazio aurreratuari smart manufacturing edo high added value manufacturing esaten zaio. Hainbat izen ekimen berbera izendatzeko; ekimen bat, lehentasunezkoa dena espezializazio adimenduneko gure estrategian, testuinguru bideratzaile bat sortu behar baita, industriak euskal ekonomian duen pisua mantentzen eta indartzen lagunduko duena.

Fabrikazioa oso garrantzitsua da lehiakortasun abantaila lortzeko gurea bezalako gizarte industrializatu batean, zeinak industrializatua izaten jarraitu nahi baitu. Euskadiren batez besteko jarduera Europakoaren gainetik dago eta badu ezaugarri komun bat herrialde garatuekin, murriztu egin baita ekonomian duen pisua. Dena den, euskal ekonomiak oraindik lotura estua du industri jarduerarekin, funtsezko faktorea delako hazkunde sostengatua bermatzeko eta enplegua sortzeko.

Gurean eta gurea bezalako herrialdeetan (AEB edo Erresuma Batuan, adibidez), joera bat sortu da fabrikazio estrategia espezifikoak garatzeko. AEBetan “National Strategic Plan for Advanced Manufacturing” abiarazi dute, zeinaren helburua baita lanpostuak eta industria berriak sortzeko gaitasuna bermatzea eta segurtasun nazionala babestea. Erresuma Batuan “High Value Manufacturing Strategy” jarri dute martxan eta bere helburua da balio erantsi handiko fabrikazioa herrialdearen arrakasta ekonomikoaren giltzarri bihurtzea.

SPRIk ere manufaktura aurreratuko (high added value manufacturing) estrategia bat definitu du Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko eragile garrantzitsuenen laguntzaz eta EAEko kluster produktoreen parte-hartzearekin. Estrategia horren xedea da EAEko gaitasun produktiboa sofistikatzea.

Estrategia hori garatu dugu ongi jakinik ezinbestekoa dela ezagutzan intentsiboagoak diren produktuak, zerbitzuak eta prozesuak garatzea lehiakor izaten jarraitzeko gorabideko herrialdeek gero eta presentzia handiagoa duten merkatuetan. Eta baliozko posizio horretatik, proposatzen dugun jarduerak ezaugarri hauek ditu: ez gara hutsetik abiatzen, ezta gutxiagorik ere: fabrikazio arloan berritzaile diren enpresak Euskadiko enpresa berritzaileen %90 baino gehiago dira eta I+G egiten duten enpresa guztien %46, enpresek I+G arloan egiten duten gastuaren %40 mobilizatzen dutelarik.

Hala, zehaztu dugun fabrikazio aurreratuko estrategiaren helburu nagusia da gehiago indartzea Euskadik oinarri industrialeko ekonomia bezala daukan posizionamendua, horretarako ezagutza intentsiboko fabrikazioa bultzatuz eta beti ere jakinik gure herrialdeak fabrikaziorako baldintza onenak dauzkala, badituelako industria-sare bat gauzak egiten dakiena, gaitasun handiko eragile zientifiko-teknologikoak eta goi-mailako kualifikazioko giza kapitala.

Estrategia hau definitzean lehenbizi aztertu zen zein irismen duen fabrikazio aurreratuaren kontzeptuak, eta denak ados etorri ginen esatean Fabrikazio Aurreratua dela abangoardiako ezagutza, esperientzia eta teknologia sortzea eta aplikatzea balio erantsi handia duten eta aberastasuna eta enplegua sor dezaketen produktuak, produkzio prozesuak eta zerbitzuak lortzeko (material, prozesu, bitarteko eta sistemak barne).

Definizio horretatik abiatuta, estrategiak I+G-ko lehentasunezko esparruak identifikatzen ditu. Fabrikazioko balio erantsi handiko jarduera bat garatzeko identifikatu diren ezagutza-arloen helburua da balizko lehiakortasun abantaila iturriak barne hartzea: sostengarritasuna, makinen eta prozesuen adimena, material aurreratuak integratzea (esaterako, material konposatuak), balio erantsi handiko zerbitzuak (esaterako, negozio eredu berriak), gorabideko gaitasunak aprobetxatzea (esaterako, fabrikazio aditiboa edo biomekanizatuko prozesuak).

Estrategia horrek ekimen zehatz batzuk markatzen ditu, esaterako, manufacturing teknologiak baliozkotu eta frogatzeko espazioak sortzea, horiei esker ondoko hauek lortzeko:

• Garapen teknologikoak merkatura iritsiko direla bermatzea eta iritsiera hori azkartzea
• Teknologoei eta profesionalei aurrerapen teknologikoei buruzko prestakuntza praktikoa ematea
• Euskadik manufacturing arloko Europako eskualde garrantzitsu izateko duen gaitasuna frogatzea
• Balio erantsiko produktuaren aldeko apustua denboran iraunaraztea, gure industriaren nortasun ikur bezala”.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow