Euskal industriak finkatu egin du 2015ean proiektu teknologiko eta berritzaile berrietan enplegua sortzeko joera

24 January, 2016

Eusko Jaurlaritzaren Gauzatu programak -ETEei kreditu itzulgarriak ematen dizkienak- bete ditu enplegua sortzeko eta proiektu teknologiko berritzaile berriak bultzatzeko espektatibak.

43 proiektu berri jarri dira martxan (horietatik 16 teknologikoak) eta 1.662 lanpostu mantendu eta 555 berri sortu dira, 100 milioi euroko inbertsioa egin delarik hori guztia lortzeko.

Eusko Jaurlaritzak deialdi berria aurkeztuko du aurten.

Euskal industriak badu oraindik ahalmena enplegua sortu eta mantentzeko joera egonkortzeko, eta negozio teknologiko eta berritzaile berriekin arriskatzeko, horren adierazgarri delarik SPRI Taldeak kudeatutako Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Gauzatu-Industria programan aurkeztu eta onartu den proiektu kopuruaren hazkundea. Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Suspertzeko Programako tresna sendoenetako bat da Programa hau, eta emaitza on eta egiaztagarriak lortu ditu azken bi urteetan.

2015ean 43 proiektu berri jarri dira martxan (horietatik 16 teknologikoak) eta 1.662 lanpostu mantendu eta 555 berri sortu dira, 100 milioi euroko inbertsioa egin delarik hori guztia lortzeko.  Eusko Jaurlaritzak 25,96 milioi euroko aurrerakin itzulgarriak eman ditu baldintza hauekin: 3 urterainoko epea inbertsioa gauzatzeko eta lanpostuak sortu edota mantentzea gehienez 36 hilabetez.

Lurraldeka, 43 proiektu horietatik 18 Bizkaikoak izan dira, 20 Gipuzkoakoak eta 5 Arabakoak. Aurrerakin itzulgarri horiei esker, euskal enpresek 41,48 milioi euro inbertitu dituzte Bizkaian, 36,56 milioi Gipuzkoan eta 13,49 milioi Araban.

Enpleguari dagokionez, 361 enplegu mantendu dira Araban, 936 Gipuzkoan eta 371 Bizkaian; eta 59 sortu dira Araban, 223 Gipuzkoan eta 273 Bizkaian.

Onartutako 16 proiektu teknologikoetatik, 6 Bizkaikoak izan dira, 7 Gipuzkoakoak eta 3 Arabakoak.

Gauzatu-Industria

GAUZATU-Industria programa ETEei soilik bideratuta dago. Bere helburua da oinarri teknologiko edota berritzaile handiko enpresetan ekintzailetzan jarduteko edo arriskatzeko gaitasuna hobetuko duten baldintzak markatzea eta babestea. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren asmoa da enpresek produktu berriak garatu ditzatela edo produktu tradizionalak sartu ditzatela merkatu berrietan, edo hobekuntza teknologikoak lortu ditzatela euskal enpresen produktibitatea handitzea helburu duten fabrikazio prozesuetan. Ildo horretakoak dira informazio eta komunikazio teknologietan (IKT) eginiko inbertsioak ere.

Laguntza jaso dezaketen proiektuek gutxienez 120.000 euroko inbertsioa egin behar dute eta lanpostuak mantendu edota sortu beharko dituzte gehienez 36 hilabeteko epean. Jaurlaritzak enpresa berri hauei ematen dien laguntza gehienez inbertsioaren %35ekoa da eta 1,5 milioi euroko muga izango dute proiektuko.

Hala, Eusko Jaurlaritzak, ekonomia suspertzeko politikaren ildotik, finantzaketa formulak bultzatzen jarraitzen du, enpresek baliabideak lortu ditzaten jarduera ekonomikoa sortzeko Euskadin.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow