Sprilur-ek “Talleres Fabio Murga” fabrika berria eraikitzen lagunduko du Balmasedan

27 January, 2015

Alexander Arriolak, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiak eta Patrick Arnaudek, Winoa Group multinazional frantseseko R&Dko presidenteordeak Bilbon sinatuko dute lankidetza hitzarmena.

Hitzarmen hori Balmasedako “Talleres Fabio Murga” handitzeko proiektu industrial berri baten esparruan kokatzen da, zeinaren helburua baita Enkarterrietako garapenaren motorra izatea.

Lau nabe industrial, eraikin administratibo bat eta bi eranskin
eraikiko dira 28.927,54 m²ko azalera
duen lursail batean.

 

Alexander Arriolak, SPRIko zuzendari nagusiak eta Patrick Arnaudek, Winoa Group konpainia frantseseko R&Dko presidenteordeak hitzarmen marko bat sinatu dute gaur Bilbon, “Talleres Fabio Murga” (Balmaseda, Enkarterriak) handitzeko proiektu industrial berriaren eraikuntza fasea garatzeko.

Hainbat urtetako tramiteen ondoren eta kokaleku berriaren urbanizazio faseko lanak amaituta daudelarik, Sprilur-ek Winoa Ibérica-ren eraikin berriak eraikitzeko fasea kudeatuko du, horixe baita erabilpen industrialerako granaila fabrikatzen duen “Talleres Fabio Murga” sozietatearen izen berria.

Lurzoru industrialaren garapen, urbanizazio eta eraikuntzan espezializatutako Eusko Jaurlaritzaren erakundea den aldetik, Sprilur-ek etorkizuneko eraikinaren lizitazioa egingo du, 4,7 milioi euroko inbertsioa egingo delarik.

Winoa Ibérica fabrika berria ostatatuko duen lursailak 28.927,54 m²ko azalera du eta 16.619,77 m²ko okupazioa, eta, egungo proiektuaren arabera, hasierako okupazioa 7.371,80 m²koa izango da. Azalera eraikigarria 10.191 m²koa da eta beheko solairu bat gehi lehen solairua (11 m) izango ditu.

Aurreikusitako eraikuntza proiektuak 4 nabe industrial barne hartzen ditu, eta nabe horietan altzairua produzituko dute Fusio, Mantenimendu, Produkzio eta Amaierako produktu prozesuetarako. Horrez gain, bulegoetarako eraikin administratibo bat eta sarbide eta logistikarako bi eranskin eraikiko dira. Eraikuntza eremuaz gain, proiektuak aparkaleku bat ere barne hartzen du, eraikitako eremuaren ekialdean egongo dena, bulegoetarako sarbideari erantsia. Ibilgailuak eta kamioiak (aldi-baterako) aparkatzeko erabiliko da.

Era berean, espazio bat egin gabe geldituko da, eremu produktibo-industriala zabaltzeko erabil litekeena, eta beste bat eremu administratiboan gehiago eraiki ahal izateko.

Eusko Jaurlaritzaren ikuspegitik, lankidetza publiko-pribatuko hitzarmen honek helburutzat dauka Balmasedako “Talleres Fabio Murga” fabrika zabaltzeko proiektu industrial bat gauzatzea, Enkarterrietako garapenaren motorra izan dadin.

2012ko ekainean sinatu zuten lehen hitzarmena enpresak, Balmasedako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, eta eragile guztiak inplikatu ziren  fabrika hori Bizkaian geldituko zela bermatzeko.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow