Euskal ETEek aukera dute Europako Batzordearen 75.000 milioiko finantza laguntzak eskuratzeko

16 April, 2015

Arantxa Tapiak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak, azpimarratu du mailegu, kapital eta berme bezala emango diren tresna hauek eraginkorragoak direla diru-laguntza tradizionalak baino. EBko lau ordezkarik Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoan eginiko jardunaldi batean azaldu dituzte ETEentzako finantza laguntza horiek. Juncker planak gutxienez 300.000 milioi mugitu nahi ditu  datozen hiru urteetan inbertsio publiko eta pribaturako. Inbertsio horiek ekonomiaren sektore giltzarri hauetan kontzentratuko dira:  garraioa, energia, ekonomia digitala eta ETEak.


Europar Batzordeko lau ordezkari, horietako bat Growth Zuzendaritza Nagusiko zuzendari nagusi den Daniel Calleja, Euskadira etorri dira bertatik bertara azaltzeko ETEei eskaintzen dizkieten finantza tresnak eta xeheki argitzeko zertan den Juncker Plana, hots, Europa osoan inbertsioa estimulatzeko eta suspertze ekonomikoa bultzatzeko programa. Plan horrek 300.000 milioi mugitu nahi ditu datozen hiru urteetan inbertsio publiko eta pribaturako. Inbertsio horiek ekonomiaren sektore giltzarri hauetan kontzentratuko dira:  garraioa, energia, ekonomia digitala eta ETEak.

Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak ireki du Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoan egin den jardunaldia, eta finantza laguntza berri horiek nabarmendu ditu. Sailburuak gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak otsailean Katainen presidenteordearen bisita hartu zuela, eta hark gomendatu zigula “mailegu, kapital eta berme bezala ematen diren finantza tresnak erabiltzea diru-laguntza tradizionalen ordez, helburua baita Egiturazko eta Inbertsiorako Funtsek inpaktu handiagoa izan dezatela 2014-2020 urteen artean”.

 

Sailburuak azpimarratu du finantza tresnak modu eraginkorra direla baliabideak esleitzeko. “Batetik, aukera ematen dute epe luzera gutxiagorekin gehiago egiteko, errotazio izaera dutelako eta hori kontuan hartzekoa da egun bizi dugun ingurune ekonomikoan, non baliabide publikoak gero eta mugatuagoak baitira.  Bestetik, finantza tresnek efektu katalizatzailea izaten dute askotan”.

 

Euskadik eta ETE Ekimena programan parte hartzen duten Espainiako beste autonomia erkidego batzuek aukera izango dute berme finantzario bezala emango diren funtsak eskuratzeko, guztira 800 milioi banatuko baitira 2014-2020 urteen artean. Tapiak segurtatu du Europako egiturazko eta inbertsiorako funtsen bidez banatutako euro bakoitzeko “gutxienez lau euroko mailegua emango zaiela ETEei, eta beraz gure ETEek guztira 3.200 milioi euroko finantzaketa jaso ahal izango dutela”.

 

Growth Zuzendaritza Nagusiko zuzendari nagusi Daniel Callejak azaldu duenez, Juncker planak 75.000 milioi euroko finantza laguntzak emango dizkie ETEei, baldin eta gai badira “datozen urteetan Europako Batzordean 300.000 milioi gehiago eta 1-1,5 milioi lanpostu sortzeko”. Callejak esan du 300.000 milioi euro horiei esker posible izango dela krisiaren zazpi urteetan Europan galdu den inbertsioaren (500.000 milioi inguru) zati handi bat berreskuratzea.

 

 Europa berrindustrializatzea

 

Callejak zehaztu du EBk helburu handi bat finkatu duela: Europa berrindustrializatzea. “Ezin dugu finantza zerbitzuetan bakarrik oinarritu, industria indartsu bat eduki behar dugu, esportazioen %80 sortzen duelako eta industri arloko lanpostu bakoitzeko zerbitzuen sektoreko 3-4 sortzen direlako”. Industriak Europako BPGren %20ko pisua hartu behar duela esan du. “Inbertsioa eta konfiantza berreskuratu eta barne merkatuaren eta digitalizazioaren aldeko apustua egin behar dugu. Eta Europar Batasunak jarriko ditu enpresentzako tresnak”. Baita ere azpimarratu du Euskadik “lehiakortasun abantaila ugari dauzkala”.

 

Jardunaldian zehar Barne Merkaturako, Industriarako, Ekintzailetzarako eta ETEentzako Programa Europarraren arduradunak, Vimos Budavarik, adierazi du Cosme programaren bitartez 3.680.000 ETEri lagundu zaiela eta horietatik 88.000 Espainiakoak izan direla. “Arrisku handiagoko enpresei laguntzen diegu, hain zuzen gugatik ez balitz laguntza hauek eskuratzeko aukerarik izango ez luketenei”.

 

Ignacio Puente, Berrikuntza eta Ikerketa Programaren arduradunak azaldu du bermedun maileguak direla, arrisku kapitaleko formula erabiliz ematen direnak bitartekari finantzarioen bidez. “Lehiatzeko eta hazteko gogoa duen edozein enpresa berritzailek parte har dezake programan. Finantzaketa %70eraino eta %100eraino ere irits daiteke”.

 

Basque Enterprise Europe Network partzuergoak (SPRI Taldea da partzuergo horren koordinatzailea), hurbilago jartzen die Europa gure enpresei eta aukera ematen die euskal ETEei EBko funtsen zati bat jasotzeko. Arturo Anton, partzuergoko arduradunak aipatu du Europar Batasunaren Programa Markoetan (301 euskal erakundek parte hartu dute 460,65 milioi euroko finantzaketa jaso duten VII. Programa Markoaren 904 proiektutan) eta Horizonte 2020 estrategian lortutako emaitza onez gain, euskal ETEek arrakasta lortu dutela ETE tresnaren bidez, izan ere, 8 enpresa onuradun daude 1. faseko (6 enpresa) eta 2. faseko (2 enpresa) lehenengo ebaketa-datetan.

Ikusi erlazionatutako bideoa eta aurkezpenak

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow