Bilbon izango da hurrengo CENTAC Kongresua

28 April, 2015

Gaiak hainbat bloketan sailkatuko dira eta aztergai izango dituzte joera teknologikoak, osasuna, garraioa eta turismoa, administrazioa eta zerbitzu publikoak, enplegu digitala, merkataritza eta banka


Azaroaren 5ean eta 6an Irisgarritasun Teknologien Zentro Nazionalak (CENTAC) Irisgarritasun Teknologien 6. Kongresu Nazionala egingo du Bilboko Euskalduna Jauregian.  Aurten CENTACek Eusko Jaurlaritzaren, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta SPRI Taldearen (Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia) laguntza izango du antolakuntza-lanetan.

Seigarren edizioan sektore hauek jorratuko dira: osasuna, garraioa eta turismoa, administrazioak eta zerbitzu publikoak, enplegu digitala eta merkataritza eta banka. Horietako bakoitzean, CENTACen asmoa da datozen urteetan proiekzio handiena izango duten joera teknologikoak sakontzea, aukera ugari eskaintzen baitituzte garapen irisgarrien sektorerako.

Hala, aurten ere Gauzen Internet, Wearable teknologiak, Big Data, Robotika eta Smart dispositiboak izango dira CENTAC Kongresuko protagonistak.

GAI BERRIAK

Bada azpimarratzeko modukoa den beste joera teknologiko bat, alegia, esparru sozialeko 3D inprimaketa. Azken aurrerapenei esker fabrikazio dispositibo berriak sortu dira, zeintzuekin elementu pertsonalizatuak inprimatu baitaitezke kopuru txikitan eta oso prezio merkean. Aukera handiak sortzen dira hainbat sektoretan, posible delako ideiak probatu, prototipoak erakutsi edo pieza pertsonalizatuak produzitzea.

Kongresuan aztergai izango dute baita ere erabiltzailearen esperientzia, kontsumo handiko dispositiboak erabiltzeko erraztasuna, forma, materialak, informazioaren aurkezpena, elkarreragiteko modu desberdinak, e.a. Hori guztia kontuan hartu beharra dago, erabiltzailearen asebetetzea funtsezkoa delako produktuak saltzeko.

Dispositibo mugikorrak eta gaitasun handiko haririk gabeko konektagarritasuna komunikatzeko moduak aldatzen ari dira. Gero eta pertsona gehiagok sortzen dituzte irudiak, bideoak eta baita ere publizitate kanpainak, aurrekontu oso mugatuekin eta dagoeneko mundu osoko milioika lagunek erabiltzen dituzten bitarteko alternatiboekin. Bestalde, ikusiko da ikus-entzunezkoak eta elementu interaktiboak komunikazioaren panorama aldatzen ari direla.

PARTE HARTZEKO DEIALDIA

Antolatzaileek aurten ere hizlari gisa parte hartzeko aukera emango diete nahi duten guztiei.  Horretarako nahikoa da CENTACen web orrian sartzea, izen-emate formularioa betetzea eta hitzaldiaren edukia labur azaltzea. Hori egindakoan, proposamenek hautaketa prozesu bat igaro beharko dute eta hautatuak Kongresuko egitarauan sartuko dira. Proposamenak jasotzeko epea zabalik dago maiatzaren 15era arte.

Izen-emate formularioa: http://www.centac.es/es/6congreso/participa

Kongresura entzule gisa joan nahi dutenek ere dohainik eman dezakete izena webean:

http://www.centac.es/es/6congreso/registro

CENTAC

Irisgarritasun Teknologien Zentro Nazionala (CENTAC) fundazio bat da, zeinaren helburua baita teknologia irisgarrien garapena bultzatzea enpresa, industria nahiz zerbitzuen munduan. Fundazioa lankidetza publiko-pribatuaren eredu da, besteak beste erakunde hauek baitaude bere Patronatuan: Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioa (Ezgaitasunen Errege Patronatuaren bitartez), El Corte Inglés, ONCE Fundazioa, Vodafone España Fundazioa, Telefónica, Industria, Energia eta Turismo Ministerioko Red.es, TÜV Rheinland, Autonomia Pertsonal eta Laguntza Teknikoen Estatuko Erreferentzia Zentroa (CEAPAT), Ezintasunak dituzten Pertsonen Ordezkarien Espainiako Batzordea (CERMI) eta Ezgaitasun eta Mendekotasunen Estatuko Erreferentzia Zentroa (CRE).

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow