Azkoitiko Industrialdeak lokal bat laga du Afrikarako janari-banku bezala erabilia izateko

30 October, 2013

Akordio hau erantzukizun sozial korporatiboko ekintza gisa sinatu da, Industrialdeak Urola Erdia eskualdeko enpresa-gune eta espazioak kudeatzeko egiten duen lanaren barruan.

Asmoa da iaz bildutakoa -6.500 kilo elikagai iragankor- baino gehiago biltzea aurtengo bilketa solidarioan.

Hirugarren urtez jarraian, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzian integratutako Urolako Industrialdea, S.A.k 367,5 m²ko pabilioi bat laga du Azkoitiko Ugarte Industrialdean. Lokal hori Gazteak eta Garapena Fundazioak zuzendutako eta Floreagako Salesiarrek kudeatutako proiektu baterako baliatuko da eta elikagai iragankorrak biltegiratzeko erabiliko da.

Salesiar talde horrek Urola Erdia eskualdeko herritarren artean bilduko dituen janariak Beninera bidaliko dira, hots, Saharaz azpiko Afrika mendebaldean eta Gineako Golkoaren mugan dagoen herrialdera.

Ekimen hori erantzukizun sozial korporatiboko helburu bati jarraiki gauzatuko da eta xedetzat izango du hainbat hilabetez ahalik eta janari gehien jasotzea Beninera bidaltzeko, etxerik gabeko edo desnutrizioak jotako haur afrikarren familiako integrazioa eta integrazio sozio-laborala sustatzeko.

Arroza, babarrunak, dilistak eta pasta dira gehien biltzen diren janariak. 2012. urtean 6.500 kilo janari bildu ziren, aurreko urteetan baino askoz gehiago alegia (3.500 kilo 2010ean eta 5.500 kilo 2011n ).

UROLAKO INDUSTRIALDEA, S. A. ZENBAKITAN

Urola Erdi eta Urola Goi eskualdeetan lan egiten zuten Industrialdeak Sozietateek azken urteotan hainbat enpresa xurgatu ondoren, gaur egun Urolako Industrialdea S.A.k lau industrialde kudeatzen ditu eskualde osoan. Kapital sozialean partaide ditu SPRILUR, S.A, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Zumarraga, Legazpi, Urretxu, Ezkio-Itsaso, Azkoitia eta Azpeitiko Udalak.

Gaur egun Urolako Industrialdea S.A.k lau enpresa-gune kudeatzen ditu Azkoitian, Azpeitian, Legazpin eta Zumarragan, eta bulegoak, pabilioi modularrak eta lurzoru urbanizatuko partzelak eskaintzen dizkie gune horietan kokatu nahi duten enpresei.
• 3.758 m² bulego libre,
• 18.922 m² industri pabilioi eta
• 7.076 m² industri lurzoru urbanizatuko partzela.

Enpresa-guneen eskuragarritasunari eta eskualdeko kudeaketa nahiz sustapen jarduerari buruzko informazioa http://www.sprilur.es/industrialdea/?idind=28 webgunean kontsultatu daiteke

1985az geroztik 69,2 milioi euro inbertitu dira Azkoitian, Azpeitian, Legazpin eta Zumarragan kokatutako industrialdeetan. Gainera, 403.167 m² gordineko azalera kudeatu du. Lurzoru urbanizatuko partzelek 47.030 m² hartzen dituzte, pabilioiek 137.361 m² eta bulegoek berriz 5.180 m². Guztira, 2.458 langile enplegatzen dituzten 159 enpresa daude kokatuta bere industrialdeetan.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow