Azken asteak Jakiberri lehiaketan parte hartzeko

9 March, 2017

Proiektuaren helburua da euskal fastfood osasuntsua sortzea.

 

Jakiberri proiektuak proposatzen duen erronka da euskal gastronomian oinarritutako produktu prestatu, nutritibo eta osasuntsuen ildo berri bat sortzea. Ekimenak balioa eman nahi dio Euskadin sukaldaritzari buruz daukagun ezagutza zabalari eta lehengaien kalitateari, kontsumo ohitura berriei egokitutako produktuak sortzeko.

 

Euskadin gaur egun dugun bizi-erritmoa dela medio, bost otordutik bat aurretik prestatutako produktuekin egiten dugu, eta bada joera globalizatu bat kontsumitzeko azkarrak, baina aldi berean osasuntsuak eta orekatuak diren produktuak eskatzeko, betiere zaporea ahaztu gabe. Hala ere, Euskadin ez dago merkatu nitxo hori produktu propioekin beteko duen alternatibarik.

 

Jakiberri I+G+B-ko proiektu parte-hartzaile bat da, zeinak helburutzat baitauka elikadura eskaintza oso bat sortzea aipatu irizpideetan oinarriturik. Eta ikerketaren ardatzetako bat da hiritar guztiei irekitako ideia lehiaketa bat egitea. Deialdi horretara euskal produktu berri eta osasuntsuak aurkeztu behar dira, aurrez eginak edo azkar prestatzen direnak, zazpi kategoriatan banatuta: orokorra, gosaria, askaria, afaria, postrea, haurrak eta edaria. Guztira 4.000 euroko sariak banatuko dira tipologia bakoitzeko ideia onenen artean, baina proposamen horietakoren bat merkaturatzen bada, Jakiberri partzuergoak sari osagarria emango dio.

 

Deialdia zabalik egongo da martxoaren amaierara arte, eta parte hartzeko nahikoa da Elkarbide eta Iseamcc atarietan dauden onlineko inprimakiak betetzea. Atari horietan daude baita ere lehiaketaren oinarri guztiak. ISEA, Basque Culinary Center, Mondragon Health, Jakion, Auzo Lagun eta Debagoienako Eskualde Garapenerako Agentziak osatzen dute Jakiberri partzuergoa, eta laguntzaile du Innobasque erakundea. Proiektuak badu orobat Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa, Etorkizuna Eraikiz GipuzkoaLab ekimenaren bidez.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow