Azaro Fundazioak “Economía Circular Retrace” ekimenaren proiektuan parte hartuko du

13 October, 2016

Europako ekimen horren helburua da eredu horretan oinarritzen diren eskualde mailako politikak sustatzea.

 

Europan 600 tona material inguru botatzen dira zaborretara urtero, eta hondakinen erdia baino gutxiago birziklatzen da erabilpen berriak emateko. Europako Retrace proiektuak Ekonomia Zirkularraren eta Ekonomia Urdinaren printzipioak aplikatzen ditu, hondakinak aprobetxatzeko eta berriro produkzio prozesuetan txertatzeko lehengai gisa.

 

Proiektua aurtengo apirilean jarri zen martxan, eta bost herrialdetako zortzi bazkide ditu: Italia, Frantzia, Espainia, Errumania eta Eslovenia. Estatutik, Azaro Fundazioak eta BEAZek parte hartzen dute. Ekimen hau sortu zen ikusi zelako premia dagoela produkzio sistema lineal baterantz aurrera egiteko eta eredu sostengarriagoetarantz abiatzeko, posible izan dadin hondakinak murriztea eta amaigabeak ez diren baliabideen erauzketa mugatzea. Proiektuak Diseinu Sistemikoa erabiliko du horretarako. Ekimenaren atariak dioenez, Diseinu Sistemikoa Torinoko Politeknikoak garatutako ikuspegi bat da, sistema industrial konplexuak sortzen dituena, zeintzuetan “produkzio prozesu bateko hondakina baliabide bihurtzen baita beste prozesu baterako”.

 

“Retrace” ekimenak 4 urteko iraupena izango du, eta denbora horretan, bost lurraldeetako diagnostikoak garatzeaz gain, 30 jardunbide egoki identifikatuko dira esperientzia eta ezagutza trukea indartzeko. Proiektuaren amaierako helburua da gomendio multzo bat eta ibilbide orri bat osatzea, eredu aldaketa horretan oinarritutako eskualde politikak nahiz politika lokalak sustatzeko.

 

Azaro Fundazioak Blue Lab-en bitartez parte hartzen du ekimenean. Blue Lab ikerketa-ildo bat da, Ekonomia Urdinetik eta Zirkularretik abiatzen dena Lea-Artibai eskualdeko enpresen produktibitatea bultzatzeko. Tokian tokiko baliabideak, eskualdeko enpresen premiak eta haien arteko konexio posibleak aztertu ondoren, Blue Labeko lantaldeak hainbat proiektu pilotu garatu ditu negozio-ildo berriak sortzeko asmoz. Blue Lab ekimenaren barruan garatutako proiektu horietako bat da Gaxure produktu gastronomikoa, esne gazuraz, hots, gazta egitean sortzen den hondakin bat baliabide gisa erabiliz eginiko krema bat. Leartiker-Elikagaiak eskualdeko ardi-gazta egileekin ari da lanean produktu berri hori goi-mailako jatetxeen merkatura zuzentzeko.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow