Udal adimendunagoak datuei esker

12 January, 2017

Wise Council ekimenak erakutsi du datuak analizatuz posible dela zerbitzu publikoak hobetzea.

 

Birminghameko udalak tenperatura sentsoreak jarri ditu hiriko altzarietan, eta hala hobeto erantzuten die elurrak hiriko kaleetan eragiten dituen arazoei. Oraindik fase pilotuan dagoen proiektu horrek sentsore sare bat darabil iragarpen meteorologikoen sistemaren ordez. Askoz merkeagoa izateaz gain, konponbide horrekin denbora errealeko informazioa eskuratzen da etengabe izozten ari diren bideei buruz. Emaitza bezala, zerbitzuak askoz modu eraginkorragoan kudeatu ditu mantenimendu ekipoak, benetako premia duten errepideetara bakarrik joan direlako.

 

Horixe da NESTA berrikuntza agentzia britainiarrak argitaratutako Wise Council txostenean jasotako zortzi kasuetako bat. Azterlanak erakusten du datuak biltzeko eta analizatzeko teknologia berriak oso baliagarri izan daitezkeela zerbitzu publikoak hobetzeko maila lokalean, kostuak murrizten eta beren inpaktua handitzen laguntzen dutelako. Proiektu gehienak fase pilotuan daude, baina ez dira mantenimendu zerbitzuetara mugatzen; txostenak orobat erakusten du datuen analisiak beste eremu batzuetan izan dezakeen potentziala, esaterako, osasunean edo gizarte laguntzan.

 

Newcastleko udalean, adibidez, gizarte langileak hasi dira dagoeneko datuak aztertzen arriskuak detektatzeko eta ekintza goiztiarrak garatzeko. Gizarte laguntzarako sailean analista talde bat txertatu da, zeintzuek faktore komunak eta jokabide patroiak identifikatzen baitituzte arriskuan dauden familietan. Horrela identifikatzen dituzte tratu txarrak edo abusuak jasateko arrisku handiena duten adin txikikoak, eta sasoiz esku hartu dezakete bazterkeria sozialeko arriskuan dauden gazteekin.

 

Txostenak dio gutxi direla datuek baliagarritasunik ez duten eremuak, ia beti balio baitute zerbitzuak eta erabakiak hartzeko prozesuak hobetzeko. Horregatik, udal asko hasi dira formula berriak aztertzen, pilotuak eta proiektu lokal txikiak garatuz. Azterlanak hainbat giltzarri jaso ditu horrelako ekimenak bultzatzeko. Hona hemen gutxi batzuk: datu analistak txertatzea lantaldeetan; hackatoiak eta antzeko ekitaldiak antolatzea konponbide berriak bilatzeko, udaletxeko teknikariek, teknologoek eta hiritarrek parte hartuko dutelarik hackatoi horietan; eta ezagutza transferitzea funtzionatzen duten praktikak zabaltzeko.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow