341 milioi euroko laguntzak Europatik ingurumen arloko proiektuentzat

19 January, 2017

SPRI Taldeak antolatutako jardunaldi batean azaldu da zein aukera dituzten euskal enpresek aurtengo Horizontea 2020 programako diru-laguntzak eskuratzeko.

2017rako programak lehentasunezko gaitzat jo ditu klima aldaketa, naturan oinarritutako konponbideak, eko-berrikuntza eta garapen sostengarria, beti ere enpleguari begira. Basoinsa eta Likuid Nanotek euskal enpresek hizpide hartu dituzte Europako agintariek onartutako beren kasu arrakastatsuak.

 

Euskal enpresek aukera dute 35 milioi euroko diru-laguntzak eskuratzeko Europatik, ingurumenarekin eta baliabideen eraginkortasunarekin lotutako proiektuak gauzatzeko. SPRI Taldeak (Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziak) hainbat erakunderekin batera (besteak beste, CDTI, Innobasque, Enterprise Europe Network, Ihobe eta Aclimak) antolatutako jardunaldi batean azaldu da zein aukera dauden Horizontea 2020 programaren diru-laguntzak lortzeko. Horizonte 2020 munduko inbertsio programa publiko handiena da, eta helburutzat du ikerketa, berrikuntza eta lehiakortasuna bultzatzea. Europako Batzordeak 75.000 milioi euro ditu programa hori  2014-2020. epean gauzatzeko. Diru hori berrikuntza-prozesuetako etapa guztietarako finantzaketa emateko erabiliko da, hasi oinarrizko ikerketatik eta produktua merkaturatu arte.

 

Lydia Gonzálezek, CDTI Estatuko agentziako kideak eta 5. Erronka Soziala izeneko Programaren  (zeinak bere baitan hartzen baititu ingurumenarekin, klimarekin, baliabideen eraginkortasunarekin eta lehengaiekin lotutako arloak) Batzordeko espainiar ordezkariak, martxoaren 7an itxiko diren laguntza-deialdien berri eman du. Gonzálezek azaldu du 5. Erronka Sozialak 3.000 milioiko aurrekontua duela 2020ra arte, baina zifra hori berez handiagoa dela, beste arlo batzuetan badaudelako garapen sostengarriarekin eta klima aldaketarekin lotutako beste diru-laguntza batzuk.

 

“Laguntzen xede izan daitezke klima aldaketaren aurkako borroka, kudeaketa sostengarria, lehengaien sostengarritasuna, eko-berrikuntza eta, besteak beste, ingurumenari eta kultur ondareari buruzko behaketa eta informazio sistemak, baina ez hainbeste alderdi horiek zaintzeko, baizik eta batez ere enplegua eta negozio-eredu berriak sortzeko”.

 

CDTIko ordezkariak azpimarratu du Espainiako enpresek ingurumen proiektu guztien bi heren baino gehiagotan parte hartu dutela, eta laguntzek %12,5eko itzulera sortu dutela. Horrek hirugarren tokian kokatzen du Espainia, Alemaniaren eta Erresuma Batuaren atzetik. Euskadi da diru-laguntza gehien lortu duen hirugarren erkidegoa.

 

2017rako programak lehentasunezko gaitzat jo ditu klima aldaketa, naturan oinarritutako konponbideak, eko-berrikuntza eta garapen sostengarria, beti ere enpleguari begira. Lydia Gonzálezek hizpide hartu ditu laguntzen xede diren gaiak, proposamena aurkezteko modua eta nola egiten den puntuaketa. “Hasieratik erakarri behar da ebaluatzailea; proposamenak argia izan behar du, aditua ez den edonork ulertzeko modukoa, eta dokumentuak koherentea izan behar du hasieratik amaierara” gomendatu du. 5. erronka sozialaren aurrekontua nabarmen hazi da, 2016an 290 milioi euro izatetik 341 milioi eurora igo da 2017an.

 

Aurkeztutako tresnaren batekin beren proiektuak finantzatu dituzten enpresek beren esperientzia praktikoak azaldu dituzte jardunaldian. Landare inbaditzaileen aurkako borrokan lan egiten duen Basoinsa konpainiako Cristina Arcochak esan du 2014an hasi zirela laguntzak eskatzen, eta bi aldiz onartu zizkietela proposamenak (bai 2014an eta bai 2015ean), baina ez zutela finantzaketarik lortu. “Berriro eskatu genituen, eta 2016an eman zizkiguten”. Euren proiektua landare inbaditzaileen aurkako plan bat da, eta arrakastaren gako batzuk eman ditu: parte-hartze publikoa zuen eta “tresna malgu bat sortu genuen, edozein herrialdetan egokitu zitekeena kostu txikiarekin”.

 

Urak tratatzeko mintz zeramikoen fabrikazioan diharduen Likuid Nanotek enpresako Elena Meabek esan du bere negozioak petroliorantz eta gaserantz eboluzionatu duela, eta orain elikadura, edari eta bio-farma sektoreetan sartu nahi dutela.  Halaber adierazi du 2014an eta 2015ean hasi zirela eskatzen Europako laguntzak, eta ez zutela finantzaketarik lortu ur oliotsuak tratatu eta berrerabiltzeko proiekturako, ez eta petrolioa eta gasa erauzteko proiekturako.

 

Hirugarren saiakeran, 2015aren amaieran eskuratu zuten finantzaketa. Aipatu du hirugarren proiektu honek 1,4 milioi euroko aurrekontua zuela, landuagoa zela, eta kanpoko aholkulari baten laguntzarekin garatu zutela. Gomendio bezala hauxe esan du: “proiektuek enpresaren plan estrategikoan jasota egon behar dute, merkatura bideratu behar dira, argudio-hari ona izan behar dute, eta aztertu egin behar da nolako inpaktua izango duten merkatuan eta enpresan”.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow